EHGAMen ekimenarekin, ‘LGBT+ memoria’ eta ‘Noiz bukatzen da armairua?’ liburua aurkeztu dira Arrasaten. Egileek azpimarratu dute, “instituzioei baliabide ekonomikoak jartzea” dagokiela.
EHGAMek (Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak) hausnarketa ziklo berri bati ekin dio.
Gogoeta prozesu honen izena KOSA da (Koronabirus Osteko Sexu Askapena) eta lehen ekitaldia Arrasaten egin da:
‘LGBT+ memoria’ eta ‘Noiz bukatzen da armairua?’ liburua aurkeztu ziren herenegun arratsaldean Gaztetxean, hain zuzen, Morbor eta AGAKOrekin elkarlanean.
Ekitaldi parte-hartzailea izan zen, eta liburuaren egileek, Egoitz Albeniz eta Ibai Fresnedok, euren ezagutzak bertaratutako herritarrekin partekatu zituzten. Ekitaldiaren ostean, ondoko elkarrizketa egin genuen biekin:
‘Noiz bukatzen da armairua?’
Nik uste galdera nahiko irekia dela eta nahita egiten dugu inork ez baitaki erantzuna. Egunerokoan eta testigantzetan ez da galdera zuzenean egiten, baina ‘armairua’ etengabean dago. Armairutik irtetea prozesu oso pertsonala da, baita kolektiboa ere. Komunean faktore ugari daude.
Gainera, galdera hau liburuaren ‘gantxoetako’ bat da, baina galdera beste era batera egin dezakezu: Zerk sortzen du armairua? Bertatik irtetea mandatu bat bezalakoa da, eta beste galdera bat ere egin daiteke: Noiz arte heterosexualialitatea?.
Izan ere, heterosexualitatearen baitakoa ere trans-marika-bollo izatea da, beraz heterosexualitatea amaituko denean trans-marika-bollo izatea ere bukatuko da, baita alderantziz ere.
Beraz, liburuaren bitartez galdera hauekin beste pertsona batzuk ere interpelatzen ditugu, armairuaren prozesua azaltzeaz gain.
Ikastetxeekin ere elkarlan bat egingo duzue?
Asmo bat da, liburu hau herri baten LGBT+ historia bat da, edo behintzat horren saiakera bat da, eta beraz berau gizarteratzea ere helburu dugu.
LGTB+ historia eskoletan ere ezagutzera ematea aukera bikaina da, eta ia-ia ezinbestekoa da, gazteek errealitate hau ezagutu dezaten, baita LGBT+ pertsona direnek eta ez direnek ere.
Eskoletan lantzen diren gaiak nazioartekoak edo estatu mailakoak badira ere, EAEn lurraldetasun oso zabala kontuan hartzen da, eta oso garrantzitsua da Hezkuntzak herriarekiko konexio zuzena sortzea. Edozein dela tematika.
Horrela, gazteek benetan jakingo dute zein herritan bizi diren eta zein izan den iragana, hala etorkizun kritikoago bat eraiki ahal izango dute.
Zerk harritu zaitue gehien ikerketa-liburua egitean?
Harritu baino, neurri handiagoan ohartu gara gure aurretik badaudela beste pertsona batzuen historia. Niretzat harribitxi bat izan zen konturatzea izan badela LGBT pertsonen nolabaiteko genealogia bat.
Lesbianak, gayak, bisexualak, transak egon dira gu baino lehen, eta konplizitateak begiradak izan daitezkeela jakitea eta horiek jasotzea oso polital, potenteal eta esanguratsuak izan dira.
Gehien harritu gaituena izan da ikusteak benetan zenbat pertsona eta bizipen izan diren. Ni ez naiz Hernanikoa, bertan bizi naiz, eta gainazaletik ikusten dena baino askoz gehiago dago, izugarria da, bai kualitatiboki baita kuantitatiboki ere.
Hernani, 17.000 biztanleko herria izanda, material ugari dago. Hori lagin bat bezala har daiteke, eta beraz, pentsa nolakoa den LGBT historaren tamaina.
Horrelako herri txiki batean holako liburu mardul bat egiteko gai izan gara, pentsa eremu handiagoetako historiak zein tamaina izan dezakeen. Arazoa izan da ez digutela historia hau kontatzen utzi, ez digute galdetu, ez digute hitz egiten utzi,… Hori da tristeena.
Gaurko Arrasateko aurkezpena baliagarria izan daiteke hemen ere antzeko ekimen bat abiatzeko?
Bai, Arrasaten bada nahikoa kapital sozial, intelektual eta pertsona oso baliotsuak (antropologoak esaterako) bertako historia jaso eta gizarteratzeko. Bihar ez bada, etzi. Hernanin bezala, hemen ere egingarria da.
Zerbait gehitu edo azpimarratu nahi baduzue, aurrera, zuena da hitza.
Nik esango nuke halako lanak behar-beharrezkoak direla, Euskal Herrian nahiz mundu zabalean. Izan ere, gure historiak, bizipenak kontatzea oso garrantzitsua da. Pena da baina pertsonak hiltzen ari dira, eta eurekin joan badoaz biziraupen estrategia anitz, ezagutza zabala, bizi garen gizarte heteropatriarkatu honi aurre egiteko. Beraz, jaso eta ezagutaraztea beharrekoa da.
Lan hori ardura kolektiboari dagokio, beste mila borroka bezala, baina LGTBarena ere. Horretan instituzioek badute ardura, baliabideak jarri behar dituzte. Instituzioek ekonomikoki gaitasun itzela daukate.
Horri gehitu behar zaio guk eta Herriak oro har eduki badauzkagula jakintzak, bizipenak, indarra, gogoa, ilusioa,…