Herriko kultura-, kirol-,… elkarteek “ezingo dute irabazirik” izan Amaiako ekitaldietan

0
1008

Osoko Bilkuran EAJ-PNV eta PSEk bozkatu dute irabazi asmorik gabeko elkarteek Amaian mozkinak ez izatearen alde. EH Bilduk salatu du “onartezina dela”, zeren eta, “herrigintzako edozein elkartek, elkartea aurrera egin ahal izateko, dirua behar baitu eta horretarako ekitaldiak antolatu behar ditu, Amaia Antzokian esaterako”.

Gaur arratsaldeko Osoko Bilkurak aztertu eta bozkatu du, besteak beste, ordenantza fiskalen zenbait aldaketa.

Hau da, aztertu eta bozkatu dira Udalak herritarrei, elkarteei,… kobratzen dizkien zergen eta tasen inguruko zenbait behin-behineko aldaketa.

Aldaketak ondoko alorretakoak izan dira: Hiri-lurrak, jarduerak, kiroldegiko instalazioen erabilera, udal-euskaltegi zerbitzua, aparkaleku arautua eta Amaia Antzokiaren alokatzea.

Azken puntu horrek dio “irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatzen dituzten ekintzetarako ehuneko hobari bat izango dela”. Lehen horretarako kultur-elkarteek soilik zeukaten aukera.

Alabaina, Udal-gobernuak orain debekatu bat jartzen die Amaia Antzokiko ekitaldiei: “ekitaldiak ez du diru irabazirik izango”. Hori EH Bilduk salatu duenez “onartezina da”, eta galdetu die EAJ-PNV eta PSEri ea “nola uste duzue elkarte hauek finantzatzen direla?”.

Izan ere, “edozein herrigintzako elkartek, elkartea aurrera egin ahal izateko, dirua behar du eta horretarako ekitaldiak antolatu behar ditu, Amaia Antzokian esaterako”.

EH Bilduk Arrasate Rugby Taldearen adibidea jarri du: “50. urteurrenaren harira, eta taldeak adibidez kamiseta berriak behar baditu, Udaletik jasotzen duen dirua nahikoa ez denez, eta baliteke bazkideengatik jasotzen duenarekin ere nahikoa ez denez, Amaia Antzokian monologista baten ekitaldia antolatu dute”.

Kepa Urteaga zinegotziak azaldutakoaren arabera, “Ogasunetik datorren irizpidea da, sarrera kobratzen denez, irabazi asmoko ekitalditzat hartzea. Baina hau ez da berria, borroka hau 2011tik daramagu”.

Ekitaldi horrengatik herriko elkarte bati edo beste bati Udalak “600 € kobratzen badizkio, litekeena da elkarte horrentzatz merezi ez izatea kultur-ekitaldia antolatzea. Hori eragozpen bat da”.

Kepa Urteagak azpimarratu du “edonon ez dela lortzen opera bat 12.000 euroren truke. Hori posible da herriko elkarte ezberdinek horren alde lan egiten dutelako”.

Horregatik EH Bilduk galdetu du ea Udala “kaxa erregistratzaile bat” den. Halaber, gogora ekarri du Udalak laguntza eskatzen diela kultur-elkarteei “adibidez Sanjoanetan zezen plazan sarrerak hartzeko”.

Gehitu duenez, elkarte hauek “Aldundiari euren kontuak aurkezten dizkiote urtero, eta aldaketa horrekin bi fiskalizazio egingo zaizkie”.

Kepa Urteaga zinegotziak adierazi du “eraikinak beharrezkoak direla baina barruko elkarteak eta pertsonak zaindu behar direla”.

Udal-gobernuak erantzun duenez “guk ez dugu aldaketarik egingo”. Anuska Ezkurraren hitzetan “lehen Amaia Antzokian ekitaldiak antolatzeko aukera kultur elkarteek soilik zeukaten, eta guk ireki diegu aukera hori irabazi asmorik gabeko elkarte guztiei”.

EH Bilduk berriro hitza hartu du eta aipatu du agiri ofizialak planteatzen duela elkarte horiek Amaian antolatuko dituzten ekitaldiek ezingo dutela mozkinik izan: “ez dute irabazirik izango”.

Kepa Urteaga zinegotziak Udal-gobernuari galdetu dio ea elkarteek “ezingo duten euro bat ere irabazi ekitaldi bat antolatzegatik?”.

“Lehengo eguneko moda desfileagatik 0 € ordaindu dituzte baina herriko dendek ez dute irabazi asmorik? Logikoa den bezala Amaia Antzokia doan erabiltzea utzi zitzaien. Ordea, zuen aldaketarekin ezinezkoa litzateke moda desfile hori egitea”.

Era berean, “ondo deritzogu Fagor Ederlani Amaia Antzokia erabiltzeagatik 3.000 € kobratzea”. EH Bilduk ziurtatu duenez “gure hitzak aurrez Kultura eta Euskara Batzordean kontrastatu ditugu”. Bozketaren emaitzak ondorengoak izan dira:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aurkako botoak: 9 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen