Arrasateko 20 eragilek deitzen dute kantaldi herrikoira, Sarek antolatuta

0
883

Beheko testua, goiko framea eta bideoa: Sare Arrasate.

Egun bereziak izaten dira gabon egunak guztiontzako, gure inguruko eta familiaz gertuago sentitzeko garaiak, bazkari edo afari artean elkarrekin egotekoak. Tamalez oraindik ere, etxe askotan hutsuneak luze dirau.

Faltan ditugun preso, iheslari eta deportatuei gure berotasuna adierazteko beste urte batez urteko azken egunean gabonetako ekimena antolatu dugu, Kantaldi herrikoia.

Kantua izango du oinarri ekimenak eta Arrasateko hainbat musikarik beraien aletxoa jarriko dute. Oholtza gainean Leire Etxezarreta (Neomak), Izadi Ramos (bakarlaria), Peru Altube (Huntza) eta Ibai Lakuntza (The Potes) arituko dira, herriko beste hainbat musikarik kantuz lagunduta. Musikarien aldetik oso harrera ona izaten ari da ekimena eta hurrengo egunetan argitaratuko dugu atxikimendua adierazi duten musikari guztien zerrenda.

Musikariez gain, Arrasateko 20 eragile ezberdinek ere babesa adierazi diote kantaldiari, guztien artean ekimenera deituz bideo bat osatu dutelarik. 

Gertuago daude, gertuago ditugu, bai, eta hori balioan jartzea dagokigu. Hala ere, badugu zer aldarrikatu. Gertu egotetik, etxekoen berotasunean izatea nahi dugu. Horregatik, guztiok kantaldi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. 

Espetxeak husteko bidean herriko plaza beteko dugu!

Abenduaren 31n, arratsaldeko 18:30ean DENOK PLAZARA!

OHARRA: Abenduaren 30ean ez da Azken Ostiralik egongo, guztiok 31n batuko gara plazara.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen