“Herrian elkarbizitza erraztea da herritarren laguntzaileon zeregina”

0
1316

Udal-zerbitzu honek adibidez Covid-aren inguruko neurriez informatzen ditu arrasatearrak. Edota ikastetxe batzuen ondoko zebrabidean dihardu haurrei laguntzen. Zerbitzuko bi langilerekin egin dugu elkarrizketa: Marina Ortiz eta Mari Carmen Segovia.

Zein da zerbitzu honen zeregina?

Oro har, herrian elkarbizitza gaietan laguntzea da, eta bide honetan, funtzio ezberdinak betetzen ditugu:

Gure funtzioetako bat herritarrei informazioa ematea da, adibidez, koronabirusaren inguruko neurri berriak onartzen direnean, herritarren batek zalantzarik badu, guk informazio eguneratua ematen diogu.

Herritarraren galdera zehatzaren erantzuna ez badakigu, Covid-aren inguruko zalantzak argitzeko telefono zenbakia eskura daukagu.

Hortaz gain, datu interesgarri gehiago jakitera ematen ditugu, adibidez udal-zerbitzu ezberdinen ordutegiak.

Gure beste funtzio bat da ikastetxeen ondoko zebrabideetan haurrak laguntzea, bai Erguingo Eskola Publikoaren ondoan baita Galizia kaleko Arizmendiren gunearen ondoan ere.

Ildo honetan, ikastetxeek irteeraren bat egin behar badute, kiroldegira joateko adibidez, eta ikastetxeek hala eskatzen badute, ibilbidean zehar laguntza eman dezakegu.

Zerbitzuaren beste bat herritarren kexak jasotzea da, eta beraz herritarrek ez dute BAZera joan beharrik. Gu kalean gabiltza eta baliteke Makatzenako bizilagun batentzat BAZ bulegoa urrun samar egotea.

Era berean, bide publikoan, behar bezala ez dauden apurtuta dauden farolen, eserlekuen,… berri ematen diogu Udalari, abisua bertako Mantentze Zerbitzuei jakinarazten zaie, eta zerbitzu hauek pixkanaka gauzak konpontzen dituzte.

Gure bestelako funtzio batzuk dira herritarrak artatzea, aisialdi eremuetan informazioa jaso eta herritarrei ematea, eta udal-zerbitzu ezberdinei laguntza ematea.

Aurrera begira, aurreikusten dugu Udaleko bandoak eta zirkularrak han-hemenka banatzea. Oro har, ekimen berri bat da, funtzio ezberdinak dituena eta unean sortzen diren beharren arabera dihardugu.

Zelako harrera jaso duzue herritarrengandik oro har?

Orain arte zerbitzua hau ez da Arrasaten eskaini, eta ondorioz hainbat herritarrek ez dakite zehazki zer den. Ondorioz zalantzak daude, eta herritar ugari hurbiltzen zaizkigu, zerbitzuaz galdezka.

Harrera orokorrean ona izan da. Gutxi batzuek ez dute argi zein zerbitzu eskaintzen dugun, agian txaleko fosforitoak daramazkigulako, baita ezjakintasunagatik ere. Beste udalerri handiago batzuetan halako zerbitzuak abiatu dira, Irunen esaterako.

Gure ustez herritar askok oraindik ez dakite zein den gure egitekoa, eta batzuek uste dute zerbitzu honek soilik Covid-arekin zerikusia duela.

Guk argi adierazten dugu gure zeregina ez dela inor kontrolatzea: gu herritarrak laguntzeko, informatzeko,… lan egiten dugu, elkarbizitza errazteko.

Guk Udaltzaingoarekin daukagun hartu-eman bakarra da, kalean konpontzeko dauden altzarien egoerak eta kexak berari aurkeztea, Udaltzaingoak gero informazio hori zuzendu dezan.

Gu herritarrak gara eta funtsean BAZ bezalakoak gara baina kalean eskaintzen dugu zerbitzua.

Zerk harritu zaituzte gehien orain arte?

Covid-aren testuinguruan, egoera ez da guztiz normala, nabari da nolabait jende ugari beldur dela. Egoera ezohiko batzuk sortzen dira, eta batzuetan adineko pertsona bat erorikoa izaten du edota desorientatu egiten da.

Kalean egoera asko sortzen dira, eta guk lanaldian 7 ordu egiten ditugu kalean, beraz egoera asko ikusten ditugu, eta ikusiko ditugu. Gure ustez jendearen jokabidea orokorrean neurrikoa izaten ari da.

Zenbateraino eragiten du Covid-ak kaleetan?

Distantziak lehen baino gehiago mantentzen dira, eta Covid-agatik beldurra eta nekea sumatzen dira. Hala ere, jende gehienak musukoa darama, distantziak mantendu beharrekoan mantentzen ditu,… arauak betetzen ditu.

Noizean behin musuko barik doan pertsona batekin tril egin dugu, baina despisteak izan ohi dira, eta halakoetan musukoa ematen diogu.

Zerbitzuko langile gehienak emakumeak zarete, emakumeen enplegua sustatzen duen zerbitzua baita, ezta?

Beharrezkoa da emakumeen enplegua sustatzea, izan ere, nik (Marina) gizarte-hezitzaile bezala, ikusten dut lan-merkatuan emakumeak baztertzen direla. Pozten nau zerbitzuan 7 emakumek lan egiteak.

Lan-eskaintza hau gizonentzat ere izan da, Lanbideren deialdi ireki baten bitartez. 7 emakumeok eta gizon batek hautaketa prozesua gainditu dugu, inork ez digu ezer oparitu. Azterketa teorikoa, elkarrizketa bat, euskara proba eta merituen ondorioz dihardugu hemen zortzirok.

Zerbait gehitu edo azpimarratu nahi duzue?

Gu ez gara kontrolerako figura bat, herritarrak laguntzeko gaude, eta herritarrak lasai asko gugana gertura daitezke zalantzarik badute edota beharren bat izanez gero. Zerbitzu irekia eta publikoa da. Espero dugu elkarrizketa honekin jendartean zerbitzuarekiko jakingura handiagoa piztea.

Erlazionatutako albistea:

28 langabe kontratatu ditu Udalak Covid-19ak sortutako ingurune sozio-ekonomiko berrira egokituta

2021eko urtarrilaren 11n argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen