Arrasateko Musikalen eta Goikobaluren egoitza berria (JAME bezala izendatua) Arrasateko Udalak esku artean daukan obrarik garrantzitsuenetakoa da gaur egun, 5.500.000€ bideratu behar baitira bertara. Eta arrasatearrok jakin badakigun bezala lanak geldirik daude.
Obra honetan bi enpresa izan dira kontratatuak, eraikina egiteko ardura zuena -LurgoienS.L.- eta obraren zuzendaritza eraman behar zuen beste enpresa bat. (LKS Ingenieria)
Lurgoienek arazo ekonomikoak izan ditu eta, ondorioz, 2020ko urtarrilean musika eskola eraikitzeari utzi egin zion. Bestetik, obraren zuzendaritzan diharduen enpresak (LKS Ingenieria) hilero ziurtatu behar zituen lanak ezarritako erritmoan egiten zirela, eta horrez gain fede eman behar zuen egindakoak benetan egiten zirela.
2019ko martxotik azarora bitartean egin ziren zertifikatuak ez datoz bat benetan egin ziren lanekin, eta Udalak ordaindu egin du egin gabe gelditu diren hainbat lanengatik. Oraingoz, egin ez ziren obrengatik ordaindutakoaren kostua 60.000€- 100.000 artekoa izan da.
2019ko abenduan jakin genuen obraren %42a zegoela soilik egina. Harrigarria bada ere, hilabete batzuk lehenago, 2019ko irailaren 24an zehazki, Udalak prentsa deitu eta %50a egina zegoela adierazi zuen publikoki.
Zalaparta mediatikoa eragin dezakeen gai hau isilpean mantentzeko asmoz, diskrezioa eskatu digu Udal gobernuak eta guk argi dugu ezin garela izan beraien konplize. Herritarrek eskubidea dute hainbeste diru suposatzen duen proiektu honen inguruko informazio guztia izateko, horrez gainera, gure obligazioa da, oposizio gisa, irregulartasunak publiko egitea zein behar izanez gero epaitegietara jotzea edota erantzukizun politikoak eskatzea.
Udal gobernua informazioa ukatzen ari zaigu, horren adibide da apirilaren 22 honetan, osasun krisiaren erdian eta soilik gutxieneko quoruma osatzen duten zazpi zinegotzirekin egingo den bilkuran, Udalbatzak gai honen inguruan daukan konpetentzia kendu eta beregain hartzeko asmoa dutela EAJk eta PSOEk, gaiarekiko informazio eta erabaki ahalmen guztia beraiek bakarrik izateko.