Herria Kantari jaialdia antolatu du Arizmendi Ikastolak zapaturako

0
285

Beheko testua, Artxiboko bideoa eta kartela: Arizmendi Ikastola.

Larunbat honetan, maiatzaren 21ean, Arizmendi Ikastolak “Herria Kantari” jaialdia ospatuko du. Goizeko 11:30ak eta 13:00ak bitartean ikasleak Arrasateko erdigunetik kantuan ibiliko dira abesti herrikoi eta ezagunak kantatzen. Ekitaldi
honek azken hogeita hamaika urteetan ospatu izan den Abesbatzen Topaketa ordezkatuko du. Azken Abesbatzen topaketaren edizioa 2019an izan zen, eta Amaia Antzokian egin zen, betiko formatuan.

Arizmendi Ikastolakoak 2020.eko edizioa prestatzen hasi ziren, baina pandemiaren ondorioz, guztia bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten Arizmendikoek aspaldian zeukaten ideiari forma eman diote eta jaialdia kalera
atera dute.

Partaideak Santa Teresako HHkoak, Arimazubiko LH 1.ziklokoak, Almeneko LH 2. ziklokoak eta Gaztelupeko DBH eta batxilergoko ikasleak izango dira. Aurreko edizioetan inguruko ikastetxeak gonbidatu izan dituzte Amaia Antzokira
kantatzera, baina oraingoan, formatu berrian lehen aldiz izanik, Arizmendiko ikasleekin bakarrik egitea pentsatu dute. Balorazioa positiboa izaten bada, datozen ikasturteetan beste ikastetxeei ere gonbita luzatzea aurreikusten dute Arizmendikoek.

Eguraldiaren araberako bi ibilbide antolatu dituzte. Eguraldi ona egiten badu, Portaloian, Arbolapetan, Herriko plazan, Laubide plazan eta Biterin egongo dira.

Aldiz, euria egiten badu, Uarkapeko arkupean, Jokin Zaitegi plazan, Udaletxeko arkupean, Parrokiako arkupean eta Biteri plazan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen