San Felipe Elkarlaguntzak antolaturik, abokatu arrasatearrak hitzaldian azaldu du, pertsona bat hiltzen denean, hiru alor zabaltzen direla: “Gizarte Segurtasunarekin zerikusia duten gaiak, herentziaren tramitazioa eta hirugarrenik bizitza-aseguruen, istripu-polizen tramitazioa”.
San Felipe Elkarlaguntzak administrazio-izapideei eta izapide legalei buruzko hitzaldia antolatu du, eta gaur arratsaldean eman du Usobiaga bulego arrasatearreko abokatu gazteak Kulturaten.
Ekitaldiak argitu egin ditu Gizarte Segurantzarekin, herentziekin, bizitza-aseguruekin edota istripu-polizekin zerikusia dituzten izapideak. Izan ere, “Erregistro Zibiletik dokumentazioa lortu behar da, Notaritzan tramiteak egin behar dira, eta fiskalki betebehar batzuk daude, adibidez oinordetza-zerga likidatu beharra dago”.
Abokatuek “batez ere esku hartu behar izaten dugu gai horiekin arazoak sortu direnean, adibidez herentziak tramitatzeko orduan arazoak sortu direnean. Baina horiek beste fase bati dagozkio, gaurko hitzaldiaren gaitik kanpo”.
Hitzaldia Jone Usobiagak eman du “baina nirekin Arrasateko beste bi abokatu aritu dira (Maider Morras eta Karmen Aspe). Izan ere, San Felipe Elkarlaguntzak proposatu zigun kontraprestaziorik gabe jendeari azaltzea horrelako egoeretan zer egin behar duten. Guk baietz erantzun genuen”. Horrela, 2020ko hasiera aldean hitzaldi bana eman zuten Karmen Aspek eta Maider Morrasek.
Ekitaldia Kulturateko areto nagusian egin da bi arrazoi tarteko: “San Felipeko egoitzan aforo mugatuaren ondorioz plaza gutxi zeuden erabilgai, eta gainera 2020an ohi baino pertsona gehiago hil dira. Ondorioz, euren senideek hitzaldia entzun ahal izateko leku zabalagoa behar izan dugu”. Aipatzekoa da ere San Felipe Elkarlaguntzak gai hauen inguruko arreta egiten diela bere bazkideei.