“Hemen, New Yorken, hainbat familia kalean ikusten dira”

0
1117

Baraxil Bengoa arrasatearrak azaldu digu, besteak beste, “New Yorken mapa egin dutela, koronabirusaren eragina azaltzen, eta mapak erakusten du lanera joan behar duten langileak gehiago kutsatzen direla”.

Irudia: Baraxil Bengoa.

Arrasateko lagun honek urteak daramatza New Yorken bizitzen, bertan familia sortu du eta egun hauetan hirurak konfinamenduan daude.

“Hemengo konfinamendua bestelakoa da: hiritarrak kirola egiteko kalera atera daitezke, familiak kalean ikusten dira,… Beraz, New Yorkek ez du hiri fantasma baten itxura”.

Hala ere, egoera “arraroa da eta aipatzekoa da jende batek ez duela bi metroko distantzia errespetatzen. Beste jende batek, ordea, bai”.

New Yorken mapa bat sortu dute, eta erreminta horrek azaltzen du zenbatekoa den koronabirusaren eragina langileen artean:

“Kamiseta urdindun langileak lanera doazenak dira, eraikuntzakoak esate baterako. Kamiseta zuridunak, berriz, telelanean dihardutenak dira. Mapak erakusten du koronabirusak eragin gehiago duela kamiseta urdindunen artean”.

Hemendik denbora batera, “telelanean ari garenok etxetik irtengo garenean, ikusi beharko dugu ea eragina gugan ere handiko den”.

Egun hauetan covid19-ak Baraxilen familiari “egunerokotasuna guztiz aldatu digu. Emaztea eta biok telelanean dihardugu ordenadoreekin, eta gure alabak goizetan Zoom-en bitartez irakaslearekin konektatzen da”.

“Filipinaseko lagun batzuekin ere hartu-emanetan gaude, eta han ere covid19-aren ondoriozko konfinamendua jasaten ari dira”.

Amerikako Estatu Batuak dira egun izurriaren foko nagusiena: “Hemen neurriak hartu zituzten Euskadin eta Espainia aldean baino astebete beranduago. Baliteke konfinamendua astebete gehiago gutxienez luzatzea”.

Familia euskal-amerikar honek bertako jaiak ospatu izan ditu New Yorken, Korrika esate baterako, baina “tamalez zapatuan ezin izan genuen balkoian Maritxu Kajoi ospatu”. Besarkada bat Arrasatetik Baraxil & family, zaindu eta ondo izan!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen