“Helduak haurraren dolua errespetatu behar du, baita berea ere”

0
700

Amaidolua elkarteak antolatuta, ‘Haurrekin bizitza hizpide’ hitzaldia egin zen atzo arratsaldean Kulturaten. Ekitaldiaren laguntzaileak San Felipe Elkarlaguntza eta Arrasateko Udala izan ziren, eta hizlaria Naroa Martinez Suarez. Naroak ama, alaba, irakasle eta psikopedagogo dihardu, bizitzaren, galeren, heriotzaren eta doluaren pedagogian espezialista.

Naroak ideia ugari partekatu zituen ekitaldira bertaratu ziren pertsonekin modu didaktikoan.

Besteak beste, aholkatu zuen helduak “haurraren dolua errespetatu behar duela, eta helduak bere dolua ere errespetau behar duela”.

Izan ere, “askotan heldua asko zentratzen da haurraren doluan, baina helduak ere prozesua egin beharra dauka”.

Horretan ari denean “helduak akatsen bat egiten badu, eta horretaz ohartzen bada, horretaz konturatu izana baloratu behar du”.

Era berean, “helduak okerren bat egiten badu, bere burua barka dezala, kontuan hartuz etorkizunean bere akatsa zuzendu ahalko duela”.

Gaur egungo gizarteak “bultzatzen gaitu perfektuak izatera, eta kostatu egiten zaigu gure akatsak onartzea eta barkatzea”.

Naroak azpimarratu zuen “helduak prozesu kontziente bat egin behar duela, eta ez dela nahikoa borondate ona izatea”.

Era berean, kontuan izan behar da “haurrak emozio aldaketa handiak izaten ditu doluaren prozesuan”.

“Haurraren lehen dolua ez bada, egoera ezagunagoa egingo zaio, eta prozesua kontzienteago egin ohi du”.

Oro har, “doluak haurretan prozesu eliptikoa du, haurrak adinean aurrera egin ahala, heriotzaren eta bizitzaren inguruko gauza gehiago ulertzen dituelako”.

Aldi berean “galera edota heriotza horren hutsuneak baldintzatutako gero eta bizipen gehiago bizitzen ditu”.

Adibidez, baldintzatutako bizipen bat ondokoa izan daiteke: “6 urterekin istripu batean begi bat galtzen duen haur batek, 18 urte betetzean, gidabaimena lortzeko berari trabak jartzea”.

Horregatik “pertsonan dolua ez da amaitzen, bere bizitzan zehar galerak baldintzatutako bizipenak izango dituelako”.

Naroak baieztatu du nerabezaroan “galera handi bat izatea garai kritiko bat dela. Adin horretan errazagoa da dolua okertzea”.

Hala ere, “onerako ere izan daiteke: haurtzaroan ez bada dolu bat behar bezala kudeatu, nerabezaroan bigarren aukera egon daiteke” dolua zuzentzeko.

“Nerabea autoritatearen (gurasoen) aurka egon ohi denez, eraginkorragoa izan daiteke, gurasoekin tratatzea baino, dolua egoera berdinean dauden beste pertsonekin tratatzea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen