Ion Merino, bere emaztea Lorea Oribe eta Amets, hiru urteko euren semea, aste bat daramate Lanzaroteko hotel batetik irten ezinda. Irlan astebeteko oporraldia pasatu ondoren, martxoaren 15ean etxera itzultzeko hegaldia bertan behera utzi zen, koronabirusak eragindako ‘larrialdi egoera’ dela eta.
Argazkia eta bideoa: Ion Merino.
Ion Merinok
Lanzarotetik telefonoz azaldu digunez, “dagoeneko hartu behar
genituen bost hegaldi bertan behera utzi dira, azkena gaur
goizean. Gainera hotelarekin ere arazoak izan ditugu, egonaldia aste
bat luzatu dugu, ordainketa berri bat eginez. Baina hoteleko
zuzendaria esan digu bihar hemendik alde egin behar dugula, oso modu
txarrean. Eman digun aukera bakarra apartamentu bat alokatzea da,
baina hamabost eguneko egonaldiagatik 1.500 euro eskatzen dizkigute. Ez gara hemendik
mugituko konponbide bat izan arte. Egoera honetan 150 pertsona gaude
hotelean, Euskadiko beste bi familiakin batera, bat zarauztarra eta
bestea bilbotarra.”
Ionek eskertu du
Arrasatetik jasotzen ari diren babesa “Maria Ubarretxena alkateak
gurekin kontaktuan jarri da, eta agiri ofizial bat bidaliko digu,
gure egoera azalduz, hotelean gure egonaldia luzatzeko. Ez da bakarra
izan EH Bilduko Maider Morras zinegotziak bere laguntza ere eskaini
digu.”

Printzinpioz, bi
hegaldi antolatuta daude, bata igandearako eta bestea astelehenerako.
“Hala ere, hegazkinean igota egon arte ez naiz fio. Bigarren
gauez, Lanzaroteko aireportua ez da itxi, eta pertsona asko bertan
daude lo egiten”.
Gainera, ordu luzeak eman behar dituzte hoteleko gelan Amets txikiarekin: “denbora jolasean pasatzen dugu, ingelesa ikasten, edo bainuontzian jolasten, baina hala ere, egoera ezerosoa da”. Ion elektrikaria da lanbidez eta bere lanagatik ere arduratuta dago: “eskerrak langile bat dudala, eta bera lanaz arduratzen ari dela. Hala ere, aurreko astetik soilik larriak diren zerbitzuak egiten ari gara. Koronabirusa dela eta, kontuz ibili behar gara, gure eta gure bezeroen onerako.”