Hauteskunde Legea berriro ere ustez hautsi du Udaleko EAJ-PNVek

1
1408

Bergarako Epaitegiko Hauteskunde-Batzordeak 2020an bitan erabaki zuen alderdiak legea urratua zuela 2020ko hauteskunde garaian. Aurten, 2023ko bozketen garai honetan, Udaleko PNVek JAMEko aurkezpeneko antolaketan parte hartu du, LOREG legearen 50. Artikulua ustez urratuz. Aurkezpenean parte hartu duten zenbait kultur eragilek ziurtatu digute ez zietela debekuaren berri eman.

2020ko apirilean, egitekoak ziren Hauteskunde Autonomikoen testuinguruan, Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeak erabaki zuen Udaleko PNVek agindutako zenbait ekitaldi “debekatutako jokabideak izan direla, LOREG Legearen 50. artikuluak debekaturikoak”.

Horretarako ebazpenak bi arrazoi eman zituen: ekitaldi haiek “hauteskunde garaian egin direla, eta ez direlako funtsezkoak zerbitzu publikoen funtzionamendurako”.

Horregatik, Bergarako Epaitegiko batzordeak zera jakinarazi zion alderdiari: “PNVri errekeritzen zaio holako jokabideak berehala eteteko, dagozkion ohartarazpen legalekin agindutakoa ez badu betetzen”.

Aipatzekoa da Gaztelerazko LOREG Legeak (euskaraz Estatuko Hauteskundeen Araubide Orokorrari Buruzko Lege Organikoa) hauteskunde garaiko funtzionamendua arautzen du.

Ebazpen hau Arrasateko EH Bilduk Hauteskunde Batzordeari egindako kontsulta baten ondorioz egin zen.

“Publizitate instituzionalaren” inguruko ebazpen hau Bergarako Epaitegiak eman zuen 2020ko martxoaren 10eko datarekin.

Handik 4 hilabetera, 2020ko uztailean, apirilean pandemiagatik atzeratutako bozketak gauzatu ziren. Garai horretan Bergarako Epaitegiko Hauteskunde Batzordeak berriro ebatzi zuen Arrasateko Udaleko PNVek berriro ere legea urratu zuela.

“Adostu da PNVri komunikatzea LOREGeko 50. Artikulua urratu duela, hain zuzen, udal-igerilekuen irekierari, udazabali, haurrendako ur-parkeari eta erosketa-bonoei buruzko albistearengatik”.

Ebazpen ofizial horrek zera gehitzen zuen: “Ontzat ematen da EH Bilduk egindako salaketa, eta PNVri errekeritzen zaio egun natural bateko epean udal-igerilekuen irekierari, udazabali, haurrendako ur-parkeari eta erosketa-bonoei buruzko argitalpen guztiak ken ditzala”.

Hiru urte geroago, aurten, Udal- eta Foru-hauteskundeak izango dira, eta dagoeneko hauteskunde-garai ofizialean gaude. Garai hau espainiar estatuko LOREG Legeak arautzen du.

Bere 50.2 Artikuluak ondorengoa finkatzen du: “Desde la convocatoria de las elecciones y hasta la celebración de las mismas queda prohibido cualquier acto organizado o financiado, directa o indirectamente, por los poderes públicos que contenga alusiones a las realizaciones o a los logros obtenidos”.

Hau da, euskarara ekarrita: “Hauteskundeen deialdia egiten denetik hauteskundeak egin arte debekatuta dago botere publikoek edozein ekitaldi antolatzea edo finantzatzea, zuzenki edo zeharka, egitateen edo erdietsitako lorpenen zeharkako aipamenak dituzten ekitaldiak”.

Kontuan hartzekoa da Hauteskundeen deialdia 2023ko apirilaren 4an egin zela eta hauteskunde eguna maiatzaren 28an izango dela. Beraz, aste honetan epe horren barruan gaude.

Hala ere, aste honetan Udal-gobernuko PNVtik astearterako, maiatzaren 2rako, deialdi bat egin zitzaien Arrasateko hedabideei, aurkezpen batera deituz, estreinatu berri den JAME edo Juan Arzamendi Musika Etxean (lehengo Aprendices Eskolan) egiteko.

Udalak, aurkezpenera dei egiteaz gain, berau antolatu zuen. Soilik prentsa-ohar bat hedabideetara bidali ordez, Udaleko PNVtik aurkezpena gauzatzea erabakia zen.

Aurkezpenera zenbait hedabide bertaratu ziren, eta komunikabideek argitaratutako argazkietan Udaleko PNVko bi kide azaltzen dira, besteak beste. Argazkian ikus daiteke “Escuela de Aprendices” errotulua, JAME eraikinaren barruan dagoena.

Ekitaldian, besteak beste, ondorengoa adierazi zen: “nobedade bezala, eta horregatik hemen elkartu gara, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorio honetan, beste urte batzuetan Kulturaten edo beste leku batzuetan egin izan ditugun kontzertu batzuk, aurten auditorio honetan egingo ditugula”.

“Estreinaldia denontzat izango da, baita musikarientzat ere, ea zelan portatzen den akustika aldetik lekua. Guretzat ere estreinaldia da [Musika Hamabostaldiko] antolakuntza gisa. Uste dugu aretoak merezi duela eta areto oso polita geratu dela”.

Goian aipatu bezala, udalen lorpenak (kasu honetan JAME) ezin dira aipatu udalek antolatutako ekitaldietan hauteskunde-epe honetan. Aste honetako aurkezpenean parte hartu duten zenbait kultur eragilek ziurtatu digute ez zutela Udal-gobernuko PNVtik debekuaren berririk jaso.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen