Hauteskunde domeka [Testua: Arrasateko EH Bildu]

0
850

Hauteskunde domekek badute oso berezi egiten dituen ezaugarri bat EH Bilduko kideontzat. Gure oinarri sozialarekin harreman estuan egoteko aukera ematen digute.

Hautetsontzietan gugan jartzen duten konfiantzaz harago, egunean zehar izaten diren zereginetan laguntzeko prest egoten da beti EH Bilduren oinarri soziala eta datorren domekan ere horrela izango da.

Izan ere, ehundik gora lagun agertu dira prest beste behin ere hauteskunde mahaietan apoderatu gisa egoteko. Bihoa hemendik ere eskerrik beroena guztioi.

Dena dela, legebiltzarrerako hauteskunde hauek ezohiko egoera batean izan dira deituak, aipatzea behar ez duten arrazoiengatik. Eta, horrenbestez, Arrasateko EH Bildun ere hauteskunde egunetan historikoki jarraitu izan dugun dinamika aldatzea dagokigula uste dugu. Hartara, gure apoderatuak ez dira hauteskunde mahai guztietan eserita egongo bozkatzeko lekuak irekitzen direnetik itxi arte, urtetan horrela egin izan badugu ere. Guneetara hurbilduko dira, binaka eta txandan-txandan, hautesleei zein mahaietan egotea egokitu zaienei laguntzeko, EH Bilduren bozka orriak daudela bermatzeko… Baina mahaietan kontaketarako soilik.

Ondoren, Irati topalekuan elkartuko gara hauteskunde gauaren jarraipena egiteko, baina, hor ere egoerak eskatzen dituen ez ohiko baldintzetan. Hau da, taberna barruan egin beharrean kanpoan elkartuz, distantziak gordetzeko eta babesteko neurriak hartuz… Esan gabe doa beti bezain atsegina izango dela urduritasun eta ilusioz betetako une horiek EH Bilduren proiektuan sinesten dutenekin partekatzea eta ongi etorria izango da bertaratzen den oro. Halere, gogoratu, emaitzak emaitza, erantzukizunez jokatuz gero denok aterako garela irabazten.

Aldaketa garaiak bizi ditugu, bai. Molde zaharrak atzean utzi eta merezi dugun herria eraikitzeko bidean jarriko gaituzten aldaketak. Eta gu egiteko #prest gaude!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen