Haurren Kontseiluaren 6. edizioa abiatu dute umeek eta Udalak

0
509

Beheko testua eta argazkiak: Udala.

Arrasateko Udalak Haurren Kontseiluaren seigarren edizioari ekin dio. Orain direla 5 urte hasitako ibilbide honetan, asko izan dira Kontseiluan parte hartu duten neska-mutilak, eta aurten, berriz ere, Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako 20 lagun izango dira taldean.

Azken urteetan hainbat gai eta proposamen landu dira, besteak beste: ur parkea, parkour parkea eraikitzeko proposamena, mahai joko bat sortu (herriko izakien arteko elkarbizitza zaintzeko eta soluzioa behar duten egoerak modu kooperatiboan lantzeko) eta umeentzako bozketa sistema sortu dute umeek. Azken honen ondorioz, umeek aurrekontu partehartzaileetan bozkatu ahal izango dute aurten.

Ikasturte honetarako gaiak eta edukiak, beti bezala, Kontseilukideekin erabaki eta landuko dira. Izan ere, kontseiluaren helburua da haurren parte hartzea sustatzea herri mailan eta euren interesetatik sortzen diren proposamenak garatzea, betiere udalarekin harremanetan eta fokoa herrian jarrita.

Maria Ubarretxena alkateak harrera egin die Udaletxean eta eskertu bertan parte hartzeko izan duten prestutasuna: “hilabetetako lana dugu aurretik, baina ezinbestekoa da beraien ahotsa eta nahiak entzun eta Udaletik garatzen diren proiektuetan presente izatea, guztion ezaugarrietara eta beharretara egokitutako Arrasate hobe bat eraikitzen jarrai dezagun”.

Covid-19ak eragindako egoera pandemikoa hobetzen doan heinean, Udalaren eta Haurren Kontseiluaren helburua da komunitateko beste eragileekin harremanak berreskuratzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen