“Haurrak dira pandemia honen ahaztuak”

0
1833

Covid-19ren ondorioz, haurrak 35 egun daramatzate etxetik irten gabe, eta berrogeialdia modu zorrotzean betetzen ari diren bakarrak dira. Haurren kalera ateratzeko eskubidea aldarrikatzeko, Altzuan Hezkuntza elkartearen eskutik, egunero arratsaldero 18:00etan kazerolada bat egiteko ekimena sortu da Lekeition, haurrak kalera atera arte.

Iker Retes arrasatearrak ondo esan duen bezala, “haurrak dira pandemia honen ahaztuak”. Gaur egun 35 egun daramatzate etxetik irten gabe, eta berrogeialdia modu zorrotzean betetzen ari diren bakarrak dira.

Egoerak luzatzeko itxura duenez, ez dira gutxi “haurrak kalera modu kontrolatuan eta beharrezko babes bitartekoekin ateratzea” eskatu dutenak. Haurren kalera ateratzeko eskubidea aldarrikatzeko, Altzuan Hezkuntza elkartearen eskutik, egunero arratsaldero 18:00etan kazerolada bat egiteko ekimena sortu da Lekeition, haurrak kalera atera arte. Balkoietan eta leihoetan ‘Umeak Etxean Preso, SOS Haurrak’ leloa duen kartela jartzeko ere eskatu dute.

Iker Retes arrasatearraren eskutik iritsi da ekimen hau Arrasatera. Mondraberrik berarekin hitz egiteko aukera izan du.

Zergatik sortzen da ekimen hau?

Covid-19ak eragin duen egoera honetan, inork ez du umeengan pentsatu, pandemia honen ahanzturarik handienak dira, gu heldu bezala kalera irten gaitezke, erosketak egitera, lanera,.. baina umeak derrigorrez etxean geratu behar dira.

Lema honekin eskatzen duguna da, zentzutasunez jokatuta eta segurtasun neurri guztiak bermatuta, etxe inguruan ordu erdi bat irten ahal izatea. Ez dugu eskatzen parkera joan ahal izatea, hori debekatuta egon behar da, baina bai paseo bat ematera irten ahal izatea. Hori ere, adituek esan beharko dute nola irten beharko duten kalera.

Zein baldintzatan atera beharko lirateke haurrak kalera?

Haurrek ere behar batzuk dituzte, eta oso garrantzitsua da eurendako eguzkia eta haizea hartzea osasunarengatik. Orain arte jaso duguna da umeak asintomatikoak eta oso kutsakorrak direla, pandemia euren errua izango balitz bezala. Etxean 35 egun sartuta daramatzate eta kalera irteteko beharra dute.

Gure iritzian guraso bakar batekin irten beharko dira kalera, ez familia osoa, eta denbora mugatu batean. Denok ez dugu terraza edo balkoi handi bat, edo baserri batean bizitzeko aukera. Haur batzuek ez dute eguzkia hartzeko aukera.

Gainera etxean egun oso pasatzen dutenez, ez dira nekatzen eta lo egiteko arazoak izaten dituzte. Egunean zehar ordu asko bete behar ditugu gurasook, etxeko lanekin, eskulanekin,… baina azkenean egunak luzeak egiten dira, errutinarioak. Haurrak aspertuta daude etxean egoteaz, eta kalera irtetzeko beharra dute. Inork ez du pentsatzen haurren egoeraren inguruan.

Adituek esan beharko dute nola atera behar dira haurrak kalera, zenbat denbora, segurtasun neurriak,.. Herri bakoitzean nola antolatu beharko dira irteera horiek, kaleka, auzoka,… Haur guztiak kalera irtetzeko aukera izateko.

Gure seme-alabak lezio bat ematen ari zaizkigu, txapeldunak dira. Egoera hau kexatu gabe jasaten ari dira. Ez dakigu egoera honek zer-nolako ondorio psikologikoak izango dituen gure haurrengan, eta gainera ez dakigu noiz arte luzatuko den.

Beste zerbait gehitu nahi duzu?

Maskarilen falta oso kezkagarria da. Ziur nago guztiontzako maskarilak egongo balira, eraman egin beharko genituzkeela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen