Indarkeria martxistaren aurkako eta haur-parkeen mozioak onartu ditu Osoko Bilkurak

0
263

Atzo arratsaldean azaroko osoko bilkura egin zen. Oso saio laburrean, aurkeztutako bi mozioak nabarmendu ziren. Alde batetik, Arrasateko parkeetan elementu naturalak integratzeari buruzkoa , Haur eta Gurasoen Asanbladak aurkeztua, eta bestetik, EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioa, espazio publikoetan emakumeen aurkako sexu-jazarpena eta bestelako sexu-indarkeria motei buruzkoa. Bi mozioak onartu ziren.

Herriko haur parkeetan elementu naturalak integratzeari buruzko mozioa

Mozio hau Haur eta Gurasoen Asanbladak eraman zuen osoko bilkurara. Guraso eta haurren ordezkaritza bat bertaratu zen mozioa aurkeztera, eta Mikel Lizarribarrek hartu zuen hitza haren izenean. “Udalarekin izandako bilera batean aipatu genion, gure eskaerak ez direla bakarrik parkeen inguruan izango dira. Beste eskaerak dauzkagu, umeak nahi ditugulako erdigunean jarri, haien hitza bermatuz. Gainera, haurren iritzia kontuan hartuko lukeen mahai bat osatzea gustatuko litzaiguke. Mahai horretan eskolak, profesionalak, teknikariak, udal agintariak eta gu egongo ginateke ordezkatuta. Horrelako mahai baten falta botatzerakoan dugu erabakiak hartzerakoan.”

Jarraian, Udal Gobernuko bozeramaile Anuska Ezkurrak hartu du hitza, “Egia da azken urteotan hainbat parke berritu direla, eta elementu naturalei dagokienez gabezia bat dagoen arren, eta Aprendices parkean posible izan ez den arren, bileran zuen eskaerak kontuan hartzeko konpromisoa hartu dugula. Era berean, eskerrak eman dizkie gurasoei eta herritarrei parte hartzeko eta gurekin lankidetzan aritzeko borondatea adierazteagatik.”

Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak zoriondu ditu Haur eta Gurasoen Asanbladako kideak egindako lanagatik, eta pozik agertu da Udal Batzordeko bozeramaileak erakutsitako jarrera positiboagatik. Morrasek azpimarratu du “azken bi agintaldietan EH Bilduk parke bat berritu den bakoitzean elementu naturalak sartzea eskatu duela, baina beti ezezko erantzuna jaso dugula, mantentzea zaila dela eta ez dela bere eredua argudiatuz.”

Bukatzeko, Aritz Murua PSEko bozeramaileak hartu zuen hitza eta mozioaren alde agertu zen. Beraz, mozioa aho batez onartu zen.

Sexu-jazarpena eta emakumeen aurkako beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan

EAJ-PNVk eta PSE-EEk atzo bozkatu zen bigarren mozioa aurkeztu zuten: Emakumeen aurkako sexu-jazarpena eta beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan. Azaroaren 25aren gertutasuna dela eta aurkeztu zen.

Oraingo honetan, PSEko eta Berdintasun saileko zinegotzi Johanna Sanchezek hartu zuen hitza lehenik. “Azaroaren 25ean emakumeen eskubideak aldarrikatu nahi ditugu. Espazio publikoetan berdintasuna baldintzetan erabakitzeko eta horrez gozatzeko herritartasun osoari dagokion eskubidea berbatze aldera. Emakumeen eta nesken aurkako sexu indarkeria emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea helburu du. Emakumeok ez dugu biktima izan nahi, aske izan nahi dugu “.

EH Bildu abstenitu egin da, baina edukiarekin ados daudela argi utzi du. “Urtez urte hartzen diren konpromisoak ez dira betetzen. Ez dugu uste feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako politika direnik Gobernu honen lehentasuna. Emakume Txokoaren kokapena oso txarra da eta ez da ezer egin horren inguruan. 2019an konpromisoa hartu zuen Arrasateko puntu ilunen zerrenda egiteko eta horri irtenbide bat emateko, eta ez da egin. Aholkulari zerbitzua indartu den arren, uste dugu makina politika indartu behar direla.” Mozioa EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen