Bilboko eta Baionako manifestazioen ostean, Azken Ostiralak urruntze-politika salatu du Herriko plazan. “Zenbat min gehiago eragingo du urrunketak eta zertarako?”.
Argazkiak: Arrasateko Sare
Elkarretaratzeak gogora ekarri zituen Bilboko eta Baionako manifestazio nazionalak bi estatuen espetxe-politikaren aurka azaldu zirela.
“Egun batzuk geroago, Lakuako Gobernuak Españako Gobernuari hurbilketa plan bat proposatu zion”. Arrasateko Etxeratek “positiboki” baloratu du, eta gogora ekarri du urrunketa ezarri zenetik 33 urte igaro direla.
Kartzela-politika hori aplikatzeko “ez ziren beharrezkoak izan eztabaida luzeak eta urte ugari igarotzea. Justifikaezina da gobernuek oraindik ere aldaketa bat ez egitea”.

Bilkurak haur motxiladunen eskubideen alde azaldu du, eta galdetu du ea “zenbat min gehiago eragingo du urrunketak eta zertarako?”. Etxeratek Jaurlaritzari, Madrili eta Parisi eskatzen die urrunketari amaiera eman diezaiotela:
“Amai dezatela urrunketarekin, larri gaixo dauden presoak kartzelan mantentzearekin, isolamenduarekin eta gure senide presoak erregimen gogorretan izateko graduen politikarekin”.
Arrasateko Etxeratek iragarri duenez “euskal gizartearekin lanean jarraituko dugu, sufrimendua atzean uzteko nahiarekin, baita bakea eta elkarbizitza lortzeko helburuarekin ere”.
Bide bidez, Arrasateko senideek eskerrak eman zizkieten “Bilbo eta Baionako kaleak betetzen lagundu zeniguten guztiei”.