Saioak domekero Okendoko ludotekan ospatuko dira, martxoaren 27ra arte. Txatxilipurdik, Arrasateko Ludotekek, Haur Txokoek, Gazte Lekuek eta Udalak antolatuta.
Argazkia: Txatxilipurdi elkartea, artxibokoa.
Udaleko Gazteria Sailak ‘Familian Jolasean’ ekimenaren aurtengo edizioa abiatuko du martxan domeka honetan, urtarrilak 16. Udalak azaldu duenez, ekimen honen helburuetako bat da “familiei aukera eta guneak eskaintzea guraso eta seme-alaben arteko harremanez era ludikoan gozatzeko”.
Gainera, bertan “0-8 urte arteko familia ezberdinek elkar ezagutzeko eta euskaraz elkarrekin jolasteko aukera bat da, aniztasuna kontuan hartuta eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuta”.
Asmoa da neguko igandeetan “espazioa, denbora eta hitzordua eskaintzea familiei elkarrekin partekatzeko jolasa eta kalitatezko aisialdi hezitzailea. Bi hezitzaileren laguntza izango da, familiek behar duten informazioa eta aholkuak emateko”.
Igandero izango da hitzordua, urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 27ra bitartean. “Denera 11 saio izango dira (urtarrilak 16, 23, 30, otsailak 6, 13, 20, 27, eta martxoak 6, 13, 20, 27). Okendoko ludotekan izango da hitzordua. Izena eman daiteke bai Ludoteketan eta baita aktibitatean bertan”. Plaza kopurua mugatua da.
Beraz, egitasmo hau “hiru ludotekek egunerokotasunean eskaintzen dituzten dinamikei gehituko zaie, eta hiru ludoteken eskaintza indartuko du”, Txatxilipurdi elkarte kudeatzaileak azaldu duenez.
Familia Jolasean “ludoteketako taldetik sortutako ekimena da eta bertako langileek sustatzen dute”.