‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2021’ argitaratu du MUk

0
157

Oso bilduma eskertua da ‘Haur eta gazte literatura irakur gida’; horren erakusgarri da, urtero, ‘Haur eta gazte irakur gida’ dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuena. Aurtengo edizioko lantaldean, parte hartu dute biblioteka eta eskoletatik etorritako 14 lagunek. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bultzatutako proiektua da ‘Haur eta gazte literatura irakur gida’.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsiteateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2021. urtean euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako 227 liburuak biltzen dituen argitalpena kaleratu du: Haur eta gazte literatura irakur gida 2021.

Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, 2021 gida “talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du”.  Bildumaren egileen iritziz, gida honek “ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino”.

14 lagunek osatutako lantaldea

2021. urteko gida egiteko, haur eta gazte literaturarekin lotutako bederatzi erakundeetako 14 lagunek hartu dute parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, oraingo edizioko irakurle taldea osatu dute hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Ane Leturia (Aretxabaletako Udal Liburutegia), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Gurutze Urrutia, Edurne Urbiztondo eta Aitziber Arrese (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola) Itziar Murua (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskolako irakasle ohia), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola) eta Nerea Alzola eta Marikarmen Apraiz (Mondragon Unibertsitatea).

Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dute lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili duten irizpideak: “Taldearen lan-teknika honetan datza: gaur eta gazte literaturaz 2021. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua, eta abar kontutan izanda baloratzen ditugu”. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaio”.

Liburu bakoitzari jarri dioten adin orientagarriari buruz, egileek adierazi nahi izan dute zenbaki hori orientagarria besterik ez dela; euren esanetan, “bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, eta abar sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa”.

Aipatu behar da, oso bilduma eskertua dela Haur eta gazte literatura irakur gida; horren erakusgarri da, urtero, Haur eta gazte irakur gida dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuena.

1990. urtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gida kaleratzen. Proiektua elkarlanean egiten dute fakultateko arduradunek, Debagoieneko udal liburutegiko eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin batera.  2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita daude.

2021eko gida (PDF): Haur eta gazte literatura irakur gida 2021.

Irakur gidaren bilduma osoa: Literatura irakur gida: 2001etik 2021era.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen