Indarkeria matxistaren beste eraso bat izan zen 2017an Arrasaten. Gizonezko batek 9 urteko neskatila bat eraso zuen etxebizitza batean.
Argazkia: MB artxiboa.
Erasoa 2017an izan zen Arrasateko etxebizitza batean. Bertan zenbait guraso eta euren alabak elkartu ziren urtebetze bat ospatzeko, tartean akusatua, bere alaba eta biktima, 9 urte zituena.
Gaua egitean, gurasoak diskoteka batera irten ziren, eta adingabeak etxebizitzan lotan geratu ziren, denak logela berean, neskatilen amama baten ardurapean.
Neskatilak salatu zuen gaueko une batean akusatua etxera itzuli zela, logelan sartu zela, bere gainean etzan zela, baina berak oihu egin zuela eta ospa egin zuela.
Handik minutu batzuetara, logelara itzuli zen eta eskua barruko arroparen azpitik sartu zion. Bere gorputzeko zona intimoak eta ipurdia ukitu zizkion. Une horretan neskatila aztoratuta jaiki zen eta gizonak alde egin zuen.
Neskatilak ia bi urte behar izan zituen gertaturikoa lagun bati kontatzeko, eta orduan biktimaren amak izan zuen erasoaren berri. Salaketa aurkeztu zuen.
Epaiketa herenegun egin zen Gipuzkoako Entzutegian, Diario Vascok informatu duenez. Amak deklaratu du bere alaba “negarrez hasi zela, besarkatu ninduela eta esan zidala sekretua gordea zuela beldurrez zegoelako”.
Era berean, amak azaldu duenez ordutik neskatilaren aurpegia “tristeagoa da”, eta ikastetxean adierazi izan diote “triste zegoela eta negar egiten zuela”.
Akusatuak epaiketan adierazi du “ezer gogoratzen ez” duela, “asko edan baitzuen” eta “zorabiatuta” zegoela. Bere hitzetan, “neskatilak soilik ikusi zuen ni ohean etzan nintzela”, baina “amak gauza gehiago esatera behartzen ari da”. Bere esanetan “etekin ekonomikoa” lotzeko.
Akusatuaren arabera “neskatilei beldur handia eragin zien baina ez zen ezertxo gertatu”. Epaiketan esan duenez “ez dut nire burua halako gauza bat egiteko kapaz”.
Auzipetuaren lagun batek, neskatiletako baten aita, adierazi du akusatuak azaldu zuela “bere alaba besarkatu nahi zuela, baina neskatilaz erratu zela”.
Psikologo forentseak ere epaiketan parte hartu du. Berak neskatilari elkarrizketa bat egin zion, salaketa aurkeztu ostean.
Psikologo forentseak azaldu du gertaeraren inguruko adingabearen kontakizuna “oso laburra” izan zela. Ondorioz, “ezin dela lekukotzaren sinesgarritasun froga aplikatu”.
Hala ere, ziurtatu du izan badirela “adierazleak” aditzera ematen dutenak “bateragarritasun” bat dagoela neskatilak azaldutakoaren eta gertaeren artean.
Adibidez, erasoaren inguruko amesgaiztoak sufritzen zituela, eta akusatua kalean ikusi zuen bitan korrikan alde egin zuela.
Hortaz gain, “errugabetasun eta lotsa” sentimenduak zituen, eta “ahalegin kontzienteak” egiten zituela erasoa ahazteko, “baina beti ez zuen lortzen”.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Fiskaltzak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du sexu-abusu delituagatik, ‘soilik baietz da baietz’ legearen aurrekoa aplikatuz.
Hortaz gain, Fiskaltzak 7 urteko urruntze-agindua eskatu du eta 5 urteko zaintzapeko askatasuna. Horietan hezkuntza sexualeko ikastaroak egin beharko ditu.
Era berean, eskatu du akusatua adingabeko pertsonekin lan egiteko lanpostuetarako inhabilitatzea. Baita biktimari 6.000 euroko kalte-ordaina ordaitzea ere.
Halaber, akusazio partikularrak, bertan adingabearen amak parte hartzen duelarik, 6 urteko kartzela zigorra eskatzen du, urruntze-aginduaz eta kalte-ordainaz gain.
Erasoen biktimek edo erasoen lekuko direnek ondorengo laguntza-zerbitzuak dituzte eskura, ondoko telefono zenbakietan:
- Udaltzaingoa: 943 25 20 10 edo 092
- Larrialdiak: 112
- Eusko Jaurlaritzaren 24 ordutako zerbitzua: 900 84 01 11. Honek ez du telefono deiaren arrastorik uzten eskuko telefonoan