Hasier Eraña: “Alzheimerrak eta Parkinsonak zerikusia daukate gaitz prionikoekin”

0
728

Ikerlari arrasatearrak CIC-Biogunen lan egiten du, eta “behi eroen” gaitza izan du hizpide gaurko hitzaldian. Ekitaldiak entzulez bete du Kulturateko areto nagusia.

Hasier Eraña Lasagabaster CIC-Bioguneko Gaixotasun Prionikoen Laborategiko ikertzailea da, baita ATLAS Molecular Pharman Prioien Saileko arduraduna ere.

Goienagusi elkarteak antolatuta, gaur goizean bere ezagutzak ondorengo hitzaldian partekatu egin ditu:

‘Non daude gaur egun behi eroak? Eta zer erakutsi ziguten Alzheimerrari eta Parkinsonari buruz? ‘. Ekitaldiak Kulturateko areto nagusia entzulez bete du.

Zer dira gaixotasun prionikoak?

Gaixotasun prionikoak gaitz neurodegeneratibo batzuk dira, gaixotasun arraroak, eta kaltetzen ditu bai animaliak baita gizakiak ere.

Zer egin daiteke horien aurka ikerkuntzan, finantzazioan,…?

Gaixotasun arraroekin arazo asko izaten dira lagin biologikoak lortzeko, adibidez: odol-laginak edota hezurmuineko-laginak. Gaixo gutxi daudenez, eta gainerako gaixo horiek ez badute laginik ematen, ikerketa ezinezkoa da. Finantzazio falta ere beste arazo bat da.

Zer zerikusi dute eritasun hauek behi eroekin?

Behi eroen gaitza gaixotasun prioniko ezagunena da, eta gizakiei ere eraso egiten die, Creutzfeld-Jakob deitutakoa. Familia berekoak dira, hau da, minbizietan bezala, esaterako, badaude biriketako A kantzerra eta birikietako B kantzerra.

Zer azaldu duzu hitzaldian oro har?

Behi eroen krisi ezagunetik abiatuta, eta ondoren gaixotasun prionikoen aurkikuntza eta aurrerapausoak azaldu ditut. Baita gaixotasun hauek beste neurodegeneratibo batzuekin (Alzheimer edo Parkinsonarekin esaterako) zelan erlazionatzen diren. Izan ere, maila molekularrean, maila zelularrean elementu amankomunak dituzte.

CIC Biogunen lan egiten duzu, zelakoa da lan hori?

Talde lana oso garrantzitsua da CIC Biogunen, eta laborategietako jarduera horrelakoa izaten da. Bertan arlo ezberdinetako adituek parte hartzen dugu, eta elkarrekin lanean dihardugu. Hau da, ez da bakarkako lan bat. Beste leku batzuetako ikerlariekin ere hartu-emanak izaten ditugu.

Zerbait azpimarratu nahi duzu edo zerbait gehitu?

Garrantzitsua da jendeak gaixotasun arraroak ezagutzea eta hauekiko interesa izatea. Pozten nau Goeinagusiren hitzaldira hainbeste herritar etorri izanak, halako interesa izateak.

CICBioguneren webgunea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen