Hasi dira azkenik pantaila akustikoak San Josepen jartzeko obrak

1
2794

Aldundiaren arabera, saihesbideak “egunero 6.000 ibilgailutik gorako batez besteko intentsitatea” dauka. Proiektuak jasotzen duenez “148 metroko pantaila lerro bat jarriko da”. Ildo honetan, Aldundia “amaitzen ari da” Ospitalearen inguruan “pantaila akustiko berriak instalatzeko azterlana”.

San Josepeko bizilagunak hamarkadak daramatzate ondoko saihesbideko zaratak egunerokotasunean jasaten.

Aintzat hartzekoa da errepide honek “egunean batez beste 6.000 ibilgailutik gorako intentsitatea” duela, Aldundiak jakitera eman duenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroan Zarataren aurkako Ekintza Plana onartu zuen, eta San Josepeko jarduketa bertan kokatzen da.

Langileek gaur goizean ekin diete pantaila akustikoak jartzeko obrei, hain zuzen, pantailek bertako “372 pertsonari mesede egingo” dietenak.

Proiektuak jasotzen du hormigoi armatu fonoxurgatzailezko 148 metroko pantaila lerro bat jarriko dela, 4 metroko altuerarekin. Horretarako “lanak egunean zehar egitea aurreikusten da”.

Obrak hasteko saihesbideko errei bat itxi behar izan da, eta trafikoari txandaka ematen ari zaio, obretako semaforoen bitartez.

Ondorioz, auto-ilara batzuk sortzen ari dira, eta bertatik igaro behar baduzu, ohi baino tentu handiagoz egitea aholkatzen zaizu.

Proiektuak ere aurreikusten du euri uren drainatzea hobetzeko lan osagarriak eta birlandaketen zein paisaia “lehengoratzeko” esku hartze bat.

“Hilabete gutxi barru, San Josepen bizi direnek hobekuntza nabarmena sumatuko dute auzoan” baloratu du Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak, Felix Urkola Iriartek.

Obrak egiteko epea “hiru hilabetekoa” da, eta jarduketaren aurrekontua, “guztira, 535.697 eurokoa da (BEZa barne)”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen