Hasi da Eskolako Agenda 2030 proiektua Arrasaten, “egoera berritik iraunkortasunerantz”

    1
    705

    17 urtez Eskolako Agenda 21 landu eta gero, proiektu berriari emango diogu hasiera ikasturte honetan. Garapen jasangarria ardatz izango duen proiektu berria izango da Eskolako Agenda 2030 eta ikasturte honetarako Arrasateko ikastetxeek aukeratu duten gaia honako hau da “egoera berritik jasangarritasunerantz”.

    Testua: Arrasateko Udala.

    Egoera berri batean gaude eta hori erabiliko dugu gizarte eredu jasangarriago bat eraikitzeko abiapuntu moduan, natura hobeto zainduko duen gizartea, gutxiago kutsatuko duena edota natur baliabideak zentzuz erabiliko dituena, esaterako. Beraz, horixe izango da aurtengo proiektuaren ardatza. 

    Hilabete honetan hasi gara herriko ikasleekin lanean. Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleekin, iaz landu gabe gelditutako plastikoen gaia berreskuratu dugu eta ari gara aztertzen herriko plazetan, parkeetan, etab. ea plastikozko hondakinik dagoen lurrean botata, nola itsasora iritsi daitezkeen eta zer egin dezakegun arazo horri aurre egiteko. Gainera, kale garbitzaileekin solasalditxo bat egiteko aukera ere izaten ari gara.

    Nagusiagoekin, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailako ikasleekin Arrasateko ondare naturala ezagutzeko eta, duen balioaz jabetzeko, hainbat mendi ibilaldi egiten ari gara. Esate baterako, Meatzerreka auzoan San Balerio berdegunea eta Urzulo iturburua bisitatu ditugu eta Musakola auzoan Antoniña istinga eta Hidalgobaso. Herritik hurbil dauden inguru naturalak dira eta herritarron ongizateari nola eragiten dioten aztertzen ari gara ikasleekin.

    Iruzkin 1

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen