Harrizko armak San Frantziskoko fatxadan [Testua: Ramon Ugalde]

2
695

Izenburuari pedante samarra iritziko diozue, baina “armak” pluralean  da eskudoaedo armarria esateko moduetariko bat. Eraikin honen jatorrian Juan  Araotzekoaren dohaintza bat dago. Joan Araotzekoa Mondragoeko semea izan zen eta Mexikoko Zakatekasera joan zen gaztetan eta sekulako aberastasunak lortu zituen. Zakatekasen zilar meategi oso emankorrak zeuden eta dirudienez zilarren ustiakuntzatik aberastu zen Joan Araotzekoa. Zilarra ateratzeko erabiltzen zituzten langileen baldintzak eskasak ziren, askotan jasan ezinak, baina gauzak horrela ziren garai haietan.

Joan Araotzekoa eta Uriarte Arrasaten jaio zen 1525eko martxoaren 8an eta bere gazte denboran Zakatekasera abiatu zen, hamar/ hamabi bat urte bertan egin ondoren Euskal Herrira itzuli zen 1565ean. Mondragoen ezkondu zen Maria Ascensio Garibaikoarekin, erlijio eta bertute handiko neskarekin.

Ez zuten umerik eduki eta erabaki zuten bere aberastasunak  Mondragoen San Frantzisko Ordenako ikastetxe eta monasterio bat eraikitzeko bideratzea erabaki zuen.  Horrela utzi zuen idatzita 1579ko abenduaren  16an  egindako testamentuan (kodiziloa).  Halaber ikastetxe- monasterioko erretoreak euskaraz jakin behar zuela ere erabaki zuen.

Joan  1581ko irailean hil zen eta bere alargunak, Maria Ascensio Garibaikoak  bere borondatea bete zuen. San Frantziskoko ikastetxe- monasterioko arkitektoa Frai Migel Aranburukoa izan zen, Zeraingo semea eta frantziskotarra. Kategoria handiko obra maisua, Gipuzkoan zehar oso lan interesgarriak utzi zituena. Uste dut ez dagoela oso ikertuta Frai Migelen lan arkitektonikoa. Artearen Historiako liburuetan berari buruzko aipamen solteak aurkitzen dira, estilo herreriano delakoan kokatzeko. Estilo Herrerianoa Juan de Herrera ElEskorialeko arkitektoarengandik dator. Baina nik uste dut Frai Migelen lana orijinaltasun handikoa dela eta bete betean ezin dugula estilo herrerianoansartu. Estilo “desornamentado” aren barruan ere sailkatu da baina uste dut sailkapen horretan kokatzea ere ez dela egokia. San Frantziskoko elizaren aurrealdeak soila ematen du baina sentsibilitate handiarekin dago burututa: apaingarria detaile txikietan barik aurrealde edo fatxada guztiaren bolumenean dago: San Frantziskoko fatxada bere osotasunean, ezer kendu eta gehitu barik bitxi estetiko bat da.

Artikulu honen helburua baina fatxadako armarriak komentatzea da. Programa ikonografikoa esaten dute holako gauzetan jarduten dutenak: Armarriekin zerbait adierazi nahi dute.Lau armarri daude fatxadan: Austriar Errege Etxekoa, Uriarte etxeko bi berdinak, eta San Frantziskoren Ordenakoa.

Austriar edo Habsburgotarren monarkiarena

Armarri hau izan zen Austriar Etxeko errege- erreginek erabili zutena, Felipe II.etik hasita Carlos II.era. Izan ere, Joan Araotzekoak Mondragoeko kontzeju eta Austriar Etxearen babespean jarri zuen. Armarri honetan garai hartako Espainiako Austriar edo Habsburgotarren  kontrolpeko lurraldeen “armak” daude:

Gaztela, Leon, Portugal, Granada, Aragoiko Koroa, Sizilia Biak,Borgoina, Brabante, Flandria, Tirol eta Habsburgo familiarena. Denak ere oso katolikoak.

Gainera armarri guztia inguratuz, lepoko moduko bat dago, aharitxo baten larrua zintzilik duena: Urrezko Toison, Vellocino edo Aharitxoa da. Borgoinako erregeek paratutako zaldun ordena baten ikurra. Lepokoaren “katebegiak” B bikoitza modukoak dira, Borgoinako B-ak dira.

Armarriari buru emateko koroa bat dago, monarkiaren ikurra eta gainean munduaren bolaren errepresentazioa eta gainean gurutzea. Funtsean UniversitasChristianaren ideala islatu nahi dute. Hau da Austriar Etxeko erregeen helburu politikoa mundu guztia kristautzea omen zen.

Aldi haietan erlijioa eta politika oso lotuta zeuden: botere politikoaren legitimitatea edo legezkotasuna katolizismoaren leialtasunean zegoen oinarrituta. Ordena erlijiosoetako kideak neurri handi batean estatuko edo Koroako funtzionario modukoak ziren. Frantziskotarrak Inperio katoliko haren zerbitzari leialak izan ziren. Baina ez ditugu epaitu behar gaur egungo ikuspuntutik.

Armarri hau handiena da eta San Frantziskoko fatxadaren ohorezko kokapen batean dago.Argi esaten digu bestalde, kontrarreformaren denboretan gaudela, Eliza katolikoa eta monarkia hispanikoa buru belarri murgilduta daudela katolizismoaren defentsan protestanteen aurka.

San Frantziskorenordenakoa

Fatxadaren goiko aldean dago, erdian, leiho angeluzuzenaren gainean.

Frantziskotarrek beste armarri batzuk ere badauzkate, baina eredu zabalduena hauxe da. Irudi honetan Kristo eta Frantziskoren arteko “konformidadea” islatu nahi dute. Hau da Kristo eta Frantziskoren gorputzek forma bera hartu zutela. Zer dela eta? Kontatzen dutenez Frantzisko Alvernia mendira igotzen hasi zenetik Kristoren pasioaren zauri berdintsuak hasi zen sufritzen, hau da estigmak edo Kristori gurutzean egin zizkioten ebaki berdintsuak:  eskuetan, oinetan eta bularraren saihetsean.

Frantziskoren jarraitzaileek ebaki, estigma edo zauri horiek mirariak zirela ulertu zuten, eta hala jaso zuten beren ikonografian, Kristo eta Frantziskoren besoak gurutzatuta daude eta eskuetan ebakiak ageri dituzte. Ezkerrekoa Kristorena da eta Eskumakoa San Frantziskorena. Gurutzea ere ageri da, mendi baten gainean: Golgota edo Alvernia irudikatzen dute. Armarriaren inguruan frantziskotarren kordoia dago, hainbat bihurri eta korapiloekin. Frantziskotarren kordoia soka soil bat da, habitoaedo jantzia lotzeko elementu sinpleena. Izan ere frantziskotarrek pobrezian bizitzeko konpromisoa hartzen zuten.




Araotz Uriarteren armarriak

Bi armarri daude, alboetan, simetrikoak.

Ez dugu komentatuko armarri hauen irudi guztiak. Baina Domingo Bergaretxe Gatzagako abadea izan zenak bere  “ApuntesHistóricos de Salinas de Leniz y del Santuario de la Virgen de Dorleta” liburuan esaten diguUriartetarren jatorria Zarimutzen zegoela. San Frantziskoko armarri hauetan bandatxo bat dago bere inguruan irudi arraro batzuekin: arrosak dira. Lancaster Etxeko arrosak.

Gaztelako gerra zibiletan, Enrike Trastamarako eta Pedro krudelaren artean. Pedro honek Galesko Printze Beltzaren laguntza eskatu zuen. Laguntzaren ordez dirua eta Bizkaiko Jaurerri eskaini zion. Printze Beltzak lagundu zion Pedro I.ari Naiarako (Najera, Errioxan) gudua irabazten , baina gero agindutakoa ez zion eman. Printze Beltza bere mertzenario armadarekin Akitaniara itzuli zen eta bidean Gatzagan geratu zuen eta Dorletako santutegiko ama Birjinaren irudia lapurtu.Leintzaldeko gizonak Printze Beltzaren soldaduen atzetik joan ziren eta Arrasaten, Etxezarreta inguruan dirudienez harrapatu zituzten. Leintztarrek garaipena lortu zuten eta Ama Birjinaren irudia berreskuratu. Geroago Printze Beltzaren ondorengoek, Lancaster Etxekoek arrosa hartu zuten euren leinukoen ikur gisa. XVI eta XVII. mendeetan Espainia katolikoa eta Ingalaterra protestanteen arteko borrokak eten gabekoak izan ziren. Joan Araotz eta Uriarteren familian euren aurrekoen balentria hauek ondo gogoan izango zituzten eta horrexegatik segurutik sartuko zituzten Lancaster-tarren arrosak euren eskuduan, Etxezarretan izandako garaipen hura akordatu eragiteko, edo orain esaten den moduan balioesteko.

Fray Miguel de Aranburu arkitektoaren fatxada eder honi ez dio inongo mesederik egiten Kulturateko horma itsasi honek. Ezta harri artifizialezko plaka horiek ere. Espresibitatea kentzen diote. Pena bat.

2 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen