‘Harristi’: “Jende guztia animatzen dugu Inauterietan parte hartzera”

3
1004

Pandemiarengatik bi urtez Inauteriak ospatu ezin izan ondoren, aurten inolako murrizketarik gabe ospatuko dira. Arrasaten inauterietako espiritua ondoen ordezkatzen duena Iñaki Gurrutxaga ‘Harristi’ da.

‘Harristi’k bere mozorroekin harritzen ditu arrasatearrak urtero. 2020an, Inauteriak ospatu ziren azken urtean, Kim Jong-Unen mozorroa jantzi zuen. Izan ere, bere soldaduekin batera kuadrilla onenaren saria irabazi zuen. Estatu osoko komunikabideetan ere atera ziren. Aurten Inauterietako pregoia eman eta sariak banatuko dituzte.

Zuri beti gustatu izan zaizkizu Inauteriak, zer esan nahi du zuretzat berriro Inauteriak ospatzea?

Oso pozik nago, azken bi urteetan ezin izan dugulako ezer antolatu pandemiagatik. Espero dugu jendea gogoz animatzea parte hartzera. Nik hori eskatuko nuke, herri osoa animatu dadila egun horretako festan parte hartzera. Ea guztion artean egun polita izan dadin lortzen dugun.

Gainera, zure koadrilari egokitu zaio aurten pregoia eta sariak ematea, 2020an kuadrila onenaren saria irabazi baitzenuten Kim Jong-Unen mozorroarekin.

Aurten pregoia ematea eta sariak ematea dagokigu, 2020an Kim Jong-Un eta bere militarren mozorroarekin irabazi genuelako. Betiko lekuan emango dugu pregoia (BAZaren gaineko terrazan). Ezin izango dugu desfilatu, baina badakigu jende asko egongo dela gure mozorroaren zain, gainerako koadrilen mozorroak ikusten egongo baikara irabazleak zein diren erabakitzeko.

Baina ziur mozorro deigarri bat prest izango duzuela.

Ez dakit oso ona izango den, baina ziur nago zeresana emango dugula. Sari banaketaren aurretik antzerki txiki bat egingo dugu Herriko plazako eszenatokian.

Bi urteren ondoren, nobedaderik egon al dira?

Bi urte daramatzagu udalarekin hitz egiten, eta hainbat proposamen egin ditugu. Kuadrila onenaren, karroza onenaren, kuadrila gazte onenaren eta taberna onenaren sariekin urdaiazpiko bat eta plaka bat eman ditugu beti. Iaz ere eskatu genion udalari diru bat eman ahal izatea sari bakoitzarekin. Diru hori pizgarria da jendea parte hartzera animatzeko, batez ere konpentsazio gisa, karrozek eta mozorroek diru dezente balio dutelako. Udalak esan digu baietz, batzordean onartzea besterik ez dela falta.

Bigarren puntua lokalena da, koadrilek karroza egiteko aukera izan dezaten. Bai iaz eta bai aurten esan digute ez dagoela lokalik eskuragarri. Datorren urterako, hutsik dauden lokalei begiratuko ditugu, eta jendeari aukera emango diogu izena emateko, lokal horiek erabili ahal izateko. Aurten kuadrila askok galdetu digute, interes handia dago.

Aurten desfilea, pregoia eta sari-banaketa berreskuratuko dira. Zer berri gehiago aurkituko ditugu?

Aldaketak egongo dira sari-banaketan. Lehen gizonik onenaren eta emakumerik onenaren saria ematen ziren, eta aurten, bakarkako mozorro onenaren saria emango da. Generoen bereizketari buruzko polemikak saihesteko. Gainera, beti bezala, kuadrila onenaren, karroza onenaren, kuadrila gazte onenaren eta taberna onenaren saria emango da.

Taberna onenaren sariari dagokionez, aurten aurreko urteetan bezala egingo da. Baina datorren urteari begira izena eman beharko da parte hartzeko. Horrela, auzoetako tabernak animatu nahi ditugu batez ere, zailagoa baita haiek ikustea. Zerrenda bat irekiko dugu tabernek izena eman dezaten haien mozorroak ikustera pasatzeko.

Inauterietako astearteari dagokionez, SUDCek urtero antolatzen duen sardinaren ehorzketa ospatuko da berriro. Arrasatearrak ere animatu nahi ditugu ekitaldi honetan parte hartzera.

Amaitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?

Jendea Inauterietan parte hartzera animatu nahi nuke. Tabernei ere bai, anima daitezela apaintzen eta mozorrotzen.

3 IRUZKIN

  1. Badago herritar talde bat, haurrez, nerabeez eta helduez osatua, ezingo dutenak desfileaz gozatu. Euren garapeneko zailtasunak direla eta etxafleroak eragiten dien belarriko minakin eta antsietateakin ezin izango dira etxetik irten. Nahi bai partehartu hori seguru baina ezin!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen