Harri hutsa, izan da orain dela gutxi arte eraikuntzan asko erabili den material bat. Harri hutsa, hau da argamasarik gabeko eraikuntza: harri soilak bata bestearen gainean pilatzetik egiten dena. Tradizio handiko teknologia historia aurretik geratzen zaigun arkitekturako aztarna apurrak ere harrizkoak dira.
Europako zenbait eskualdeetan harri hutsaren teknika tradizionalak berreskuratzeko eta balioa emateko ekimenak egin dira. Ingalaterran, Cumbrian elkarte bat dago Cumbria Dry Stone Walling izeneakoa harrizko hormak berreskuratzen diarduena eta horren inguruan zirkuito turistiko eta pedagogiko bat antolatu dute, Katalunian ere La Fatarella udalerrian ere fundazio bat sortu dute patrimonio mota hau berreskuratzeko, Frantzia Hegoaldean ere badaude horrelako ekimenak. Harri hutsaren erabilera berreskuratu duten arginak ere badaude, imajinazio eta fantasia handiko proposamenak egiten dituztenak.
Gurean ere asko erabili dute teknika hau. Izan ere porlan edo zementu industriala eskura izan arte, argamasa egiteko, karea eta area beharrezkoak ziren eta biak ere lortzeko oso zailak, oso garestiak. Karobi errealdi bat antolatzea izugarrizko nekea zen, eta gainera karea gehiago erabiltzen zen soroetako lurra pixka bat arintzeko, gozotzeko. Gure inguruan buztin lurra da nagusi eta nekazaritzarako nahiko gogorra.
Eta bestaldetik area erreketatik atera beharra izaten zuten, kantitate urria normalean, eta garraiatzeko astuna.
Beraz obrak egiteko bide eroso eta egokiena, harri hutsa erabiltzea zen. Gure inguruan harri faltarik ez dago eta.
Normalean teknika hau lurrari eusteko eta lur sailak babesteko hormak jasotzeko erabiltzen da baina baita elurzuloak, eskailerak, karobiak, Udalatxeko meategietako azpiegiturak, askak, errepideak eusteko hormak eta errekako presak ere. Monterron jauregiko sarrera eta beheko solairuko zorua errekako harri lehunekin eginda dago. Kasu honetan harriak kokatzen dira figura geometrikoak editeko, emaitza oso dotorea da.
Garai batean kaleen zola egiteko erabiltzen zen, Arrasaten alde zaharreko kaleak harri hutsezkoak ziren, adokinak basaltozkoak agian.
Bestalde harri soilarena oso ekologikoa da, inguruko harriak erabiltzen dira, urrutira joan gabe, eta denborarekin horrela eginiko eraikinak degradatzen direnean naturak bere espazioa berreskuratzen du, harria naturala baita.
Bizitza naturalerako ere leku aproposak dira: landareak hazteko, sugandila eta sugeen bizitokia, txori askoren kabien kokaleku. Txori mota bati ere izena eman zaio: Horma txoria.
Arrasaten mota askotako harriak daude, karearria, harearria, harearri mikazitikoa, arbela, harri basaltikoak… guztiak erabili zituzten gure aurrekoek.
Tokian tokiko harria erabiltzen dute, bertan hornitzen ziren, harri batzuk egokiagoak dira eta beste batzuk baldarragoak. Nire ustetan, teknika honekin egindako eraikuntza gehienak auzolanean egingo ziren, edo familiaren artean seguraski. Teknika hau berez sinplea da baina trebezia tekniko bat eskatzen du. Gauzak beste modu batera patxada gehiagorekin egiten ziren garai bat erakusten dute.
Aprobetxatu egingo dut, kritikatxo bat egiteko. Arrasateko Udalak panel batzuk jarri ditu Udala auzoan bertako paisaia azaltzeko eta adierazten dute “landazabal atlantiko” baten aurrean gaudela, baina ez dago ez landarik eta are gutxiago landazabalik, harrizko hormez beteriko paisaia bat baino.
Noiz arte iraun zuen teknika honek, nik behintzat ezin dut zehaztu. Suposatzen dut orain dela mende bat edo utziko ziotela. Baina garai batean gure ingurua horrelako horma egin berriekin beteta zegoenean benetan ikusgarria izango zen. Horrela herriak, kolektiboki paisaia humanizatu bat eta dotorea sortu zuen.
Kanpoko bidaiariek “Euskal Oasia” ,espresioa zerabiltenean, gizarte sanoa” ez eze baserri edo nekazaritza paisaia ere deskribatzen zuten eta harri hutsezko hormak paisai horren elementu garrantzitsua ziren.
Ahozko tradizioan harrizko eraikuntzen egileak izaki mitolojikoak izaten ziren: Moroak izan ziren Arriurdinetan harri eraldoiekin jauregi bat eraikitzen hasi zirenak eta bat-batean bertan behera utzi behar izan zutenak, Urkuluko zubia lamiek egin zuten, eta Oinatin Nikolas izeneko deabruak izan ziren zubiak egiten ibiltzen zirenak. Askotan gaueko lana izaten zen eta lana bukatu gabe uzten zuten. Eta oraindik ere harrizko eraikuntza hauek eusten diotela izaera mitolojiko horri.
Lurrari eusteko hormak: bankalak edo terrazak lortzeko
Teknika hau batez ere lurrari eusteko, eta terrazak edo bankal modukoak lortzeko, bide batez lur sail batetik harriak apartatu eta gero erabili eusteko horma egiteko. Horrelako hormen adibide interesgarriak Udalan, Bedoñan, Mietzan gainerako baserri auzo guztietan daude. Bueltatxo bat ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Horrela paisaia dotoreak sortu dira, gaur egun nahiko desitxuratuta daude, horrelako hormek mantentze lan bat eskatzen dutelako eta holakorik ez da egiten aspalditik, baina hala ere bere xarma ez dute galdu. Izan ere horma hauetan, eta bere inguruan mota askotako landareak sortzen dira, harriak erori egiten dira baina horrela beste edertasun bat erakusten dute, hona hemen adibidetxo batzuk:


Lursailak edo jabetzak bereizteko hormak
Harriak izan dira lur sailak eta jabetzak bereizteko erabili den baliabidetariko bat, kasu honetan ere tokiko harria erabiltzen da, mota honetako hormak erabitzen ziren bidetik gertu zeuden sailak babesteko. Adibide dotoreenak nire iritzian Ugastegin daude.


Baina Arrasateko baserri auzoetan ale interesgarriak ez dira falta:

Estrada: bi horma paraleloen artean sortzen den bidea, beste leku batzuetan karrikak ere deitzen dira

Ingeniaritza zibila
Bideak egiteko, eta Udalatxeko minetako “rampa”ri eusteko eta beste azpiegitura batzuk: Elorrioko udalerrian dago, Udalatxeko Minetan.

Errepidea egiteko, nik uste dut kasu honetan profesionalak ibiliko zirela, edo behintzat harriak jartzen oso trebeak ziren langileak….Kanpazarrera bidean

Karobiak ere harriekin egiten ziren, baina kasu batzuetan honetan buztin geruza mehe batekin elkartzen ziren harriak, baina orokorrean harri hutsaren teknika mantentzen dute.

Ehizan egiteko egituratxo bat:

Elurzuloa:

Eskortak: ardiak gordetzeko

Presak:
Adibide hauek Epele errekan ikus daitezke: Harri basaltikoekin egindako errota baterako presa tradizionala eta hormigoizko bloke handi batzuekin egindako presa “megalitikoa”.


Erabilera berriak
Harriak pilatzeari,modu apalean eta inolako konplikazio teknikorik gabe, orain-oraintsu erabilera berri bat eman zaio: harri pila txikiak jaso baso bideak markatzeko. Mendizale modernoek izen zeltiarra erabiltzen dute harri pila hauek izendatzeko: kairn, eta garai bateko euskaldunek izen polit askoa, harri mutilak. Eta baita zerbait edo norbait gogorarazteko ere, eta adibide gisa hona hemen Andarto azpian kokatuta dagoen monumento xume eta dotore hau, harearrizko monolito bat karearrizko harlosaz estalita:
