Elkartasun Eguna ospatuko da larunbatean

0
310

Testua eta kartelak: Antolakuntza. Argazkia: MB artxiboa.

Aurten Elkartasun Egunaren XXIV. edizioa ospatuko dugu Arrasateko GGKEek antolatuta. Ekitaldi hau Arrasateko herriarekiko topagune bihurtu da, eta herrialde pobretuenen arazoak azaltzen saiatuko gara beti bezala.

Egitaraua, aurreko urteetan bezala, hainbat jardueraz osatuta dago: GGKE ezberdinen proiektuen azalpenak, produktuen salmenta eta erakusketa eta abar. Haurrentzako puzgarriak eta Disco Festa izango dira Txatxilipurdiren eskutik. Trikitilariak, dantzak, gaiteroen eta Arrasateko Musikal-eko Gazte Taldearen emanaldiak. Azkenik, Arragoa Taldeak joko du. Gainera, Harremanek laguntzen dituen proiektuekiko elkartasuna adierazteko egokiera izango da tonbolan parte hartuz, eta IBAI-ARTEk eskainitako ehunka sarietako bat irabazteko aukerarekin.

Eguna borobiltzeko, 20:30ak aldera eta IBAI-ARTEren eskaintzari esker, 300 €-ko sariaren zozketa egingo da beren dendetan gastatzeko bonuetan.

Bertaratzen diren GGKEek hurreratzen diren herritarrei egiten dituzten jardueren eta proiektuen berri emango diete; horietako batzuk gerra aktiboak dituzten herrialdeetan ari dira lanean, eta, gaur egun, egoera dramatikoak sufritzen dituzten herritarrengandik hurbilean. Ez ditzagun ahaztu!

Aurten ere bai, HARREMAN DENDA (BIDEZKO MERKATARITZA) bertan egongo da, txokolate dastaketa eskainiz eta Bidezko Merkataritzako produktuak ezagutzera emanez.

Bereziki nabarmendu nahi dugu IBAI-ARTEk ematen digun laguntza, urtez urte tonbola egiteko aukera ematen jarraitzen baitu. Eskerrik asko IBAI-ARTEko bazkide partehartzaile guztiei, horiek gabe tonbola ezinezkoa izango bailitzateke.

Tonbolan ateratako dirua Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxera bideratuko da. Harrera-etxe hau Santa Ana Karitateko Aizpek kalean jasotako 200 haurrekin (neska eta mutiko) egiten duten lan handia da, eta haurrek oinarrizko beharrizanak asetzeaz gain(elikadura, osasun-arreta, heziketa….) maitasun handia ere jasotzen dute, etorkizun itxaropentsuago eta bizimodu duin bat lortu ahal izateko.

Arrasateko herritarrak ekimen ezberdinetan parte hartzera animatzen ditugu, eta laguntza eta elkartasun guztia aurrez eskertzen dugu, BESTE MUNDU HOBEAGOBAT POSIBLE delako! www.harreman.net.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen