Harreman Dendak pobreziaren desagerpena aldarrikatuko du urrian hainbat ekimenen bidez

0
1572

Urriaren 17an Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Harreman Dendak pobrezia desagerrarazteko beharra aldarrikatuko du beste behin. Horretarako, bidezko merkataritzako produktuak eramango ditu urrian egingo diren hainbat ekimenetara.

2026ko datuen arabera, 1.200 milioi pertsona bizi dira pobrezian, iaz baino 51,5 milioi gehiago, eta horietatik erdia baino gehiago haurrak dira. Harreman Dendak gogorarazi du pobrezia ez dela kasualitatez sortzen: gatazka armatuek, politika kolonial eta inperialistek, merkataritza espekulatzaileak eta krisi klimatikoak eragindako arazoa da, bereziki Hegoalde Globaleko landa-eremuetan.

Pobreziari aurre egiteko, politika publikoak eta legeak behar direla nabarmendu du dendak, baita bidezko merkataritza globala, lurraldeen subiranotasunaren errespetua, giza eskubideen defentsa eta gerren zein militarismoaren amaiera ere. Izan ere, azken urteetan pobreziak gora egin du, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da. Horrek desberdintasunak areagotzen ditu eta botere ekonomikoa zein politikoa elite gutxien esku uzten ditu.

Harreman Dendaren arabera, besteak zaintzea norbera zaintzea ere bada, eta inoiz baino beharrezkoagoa da herrien eta pertsonen eskubideak defendatzea, mundu justuago bat eraikitzeko.

Pobrezia desagerrarazteko aldarrikapena kalera eramateko, Harreman Dendak hiru hitzordutan parte hartuko du urrian, bidezko merkataritzako produktuekin: urriaren 17an, Arrasateko baserritarren azokan; urriaren 18an, Urkuluko Lasterketa Solidarioan; eta urriaren 31n, Aramaioko Jubilatuen Egunean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen