Harreman Dendak iaz “arazo guztien gainetik aurrera” egin du

0
590

Beheko testua: Harreman Denda / Argazkia: MB artxiboa.

2021 urte garrantzitsua izan da Harreman Dendarentzat. Beste komertzio askoren antzera, pandemiak eragindako geldiuneari aurre egin behar izan diogu, eta gure asmoei eustea lortu dugula esan behar.

Urtearen balantzea positiboa izan da. Bai ekonomikoki, baita sozialki ere. Hasteko, Boluntarioen X. urteurrena ospatu genuen hainbat ekitaldirekin eta boluntario berriak erakartzeko asmoarekin. Esan behar bi berri hasi direla gurekin lanean eta gaur egun 20 pertsona inguruko lantaldea garela. Azpimarratu nahi dugu gure ateak zabalik daudela nahi duten guztientzako. Zenbat eta gehiago izan indar handiagoa izango dugu eta.

Horrez gain, bailarako hainbat komertzioekin jarraitu dugu lanean, adibidez Arrasateko eta Bergarako Erein da Janekin, edota Sanprubusarekin.

Ibaiarteren eskutik, BMko txokolatea herrian zabaldu genuen beste behin, eta zenbait azoka ere berreskuratu ziren: Elkartasun Eguna Arrasaten, Antzuola eta Aretxabaletako azokak bertako GKEi esker, Aramaioko Jubilatuen Eguna eta Oñatiko Elkar Hezi Institutuaren azoka.

Eta Garaguneko partaideekin ere kolaborazio harremana berreskuratu dugu, eurek BMko gure produktuak saltzen bait dituzte Arrasateko azokan, besteak beste.

Sentsibilizazio lanetan ere aritu izan gara. Maiatzean bi ekimen burutu genituen Bidezko Merkataritza zabaltzeko asmoz: The chocolate case dokumentalaren proiekzioa Amaia Antzokian eta Nekane Jurado ekonomista eta psikologo klinikoaren hitzaldia Kulturaten. Pozik geratu ginen erantzunarekin.

Egindako lanak helburu bera izaten jarraitzen du: Bidezko Merkataritzaren zabalkundea gure bailaran. Zergatik? Pobreziaren kontrako tresna eraginkorra delako. Hirugarren munduko lurralde askotan produktu estrategikoak ekoizten dira: kafea, kakaoa, azukrea… Urtero milioika dolar mugitzen dituzten produktuak, baina dirutza horren %90 edo gehiago lehen munduko multinazional handien eskuetan geratzen da. Nekazariek oso portzentai txikia jasotzen dute, eta esplotazio egoerak mantentzen dira: lan baldintza penagarriak, haurren lan esplotazioa…

Bidezko Merkataritzaren bidez, pobreziaren zirkulu horretatik atera dira hainbat eta hainbat komunitate. Bidezko Merkataritzak, produktoreen eskubideak babesten dituelako, irizpide sozialak, ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak kontutan hartuz.

➢ Elikagaiarengatik prezio justu eta egonkor bat adosten da produktoreekin.
➢ Aurre-finantziazio bat eskaintzen zaie, enpresak bideratzeko.
➢ Luzerako erlazioak izaten dira.
➢ Soldata justua jasotzen dute.
➢ Lan baldintza duinetan.
➢ Haur eta pertsona nagusien lan esplotazioa ekiditen da.
➢ Genero berdintasuna bultzatzen da.
➢ Parte-hartze demokratikoa izaten dute enpresek, sistema kooperatibokoa gehienak.
➢ Eta ekoizpen ekologikoa lehenesten da.

Honek guztiak euren komunitateen garapena ekartzen du, horregatik da garrantzitsua Bidezko Merkataritzaren sustapena.

Harreman Dendak lan horretan egingo du aurrera, aurten zabaldu zeneko 25. urteurrena ospatuz. Bide horretan laguntzea eskatu nahi dizuegu guztioi, kolaboratzaile edo BMko kontsumitzaile moduan.

Mundu justuago bat lortzeko aukera, guztion esku dagoelako!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen