Haritz ugari landatu dituzte euripean 35 herritar inguruk Etxezarretan

0
962

“Jarduera didaktiko bat izan da funtsean, sentsibilizazio helburu” azaldu du Udaleko Ingurumen teknikari Pello Garaik. Bertan parte-hartzaileei “azaldu egin dizkiegu Etxezarretan zertan dihardugun eta zein den zuhaitzen garrantzia”.

Gaurko landaketa urtarrilaren 21ean egitekoa zen, baina egun hartako negu gorriko giroaren ondorioz, gaurko egunera atzeratu zen.

Horrela, gaur goizean 35 lagun inguru elkartu dira Ziorlako San Isidron, euriari aurre eginda. Bertan jardun dute Udaleko Ingurumen Saileko Pello Garai eta Rafa Ugarte teknikariek, besteak beste.

Ekitaldian ere Ibon Arrupe Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak parte hartu du. Elkartutako taldeak erabaki du “nahiz eta sinbolikoki izan, sentsibilizazio bezala, gaur norberak landare bat edo bi landatzea”.

Horrela, taldeak Etxezarretarako bidea hartu du, eta landaketaren tokira igo da. Udalak guztira 400 haritz eraman ditu ibilgailuetan.

Pello Garai teknikariak azaldu digu “landaketa bat egitean garrantzitsua dela lurra aro onean izatea. Kontzeptu hau nekazaritzan erabili ohi da, eta esan nahi du lurra harro egon behar duela, ez oso ureztatuta”.

“Bestela, landaketan landareak lokatzetan sartzen badituzu, ito egiten dira. Izaki bizidunak direnez, oxigenoa eta inguru goxo bat behar dituzte”.

Herritarrek haritz ugari landatu dituzte, baina eguraldiaren ondorioz, “gehienak datorren astean landatuko ditugu Udal-brigadarekin, eguraldia lagun”.

Ondorioz, gaurkoa “jarduera didaktiko bat izan da, sentsibilizazio helburu. Azaldu egin ditugu Etxezarretan zertan dihardugun eta zuhaitzen garrantzia. Datozen belaunaldiei erakutsi behar diegu orainaldian egiten duguna etorkizunean ondorio bat izango duela”.

Gainera, “landare autoktonoen alde gabiltza, eta horrek ere bere balioa dauka”. Horrela batez ere haritzak landatu dituzte.

Aurtengoa 3. urtea da landaketa Etxezarretan egin dena, eta landatzeko espeziea aukeratzeko “inguruko Naturari erreparatu diogu: Naturak hemengo berezkoa haritza, gaztaina, gurbitza,…”.

“Guk Naturaren aldeko apustua egin dugu, eta Etxezarretako inguru hau botanikaren ikuspegitik harizti kantauriarraren eremua denez, haritzak landatu ditugu”. Horren ostean merezitako hamaiketakoa egin dute.

Udaleko Ingurumen Sailak “eskerrak ematen dizkiegu gaur etorri diren guztiei, eguraldi euritsuari aurre egin eta gu lagundu gaituztelako lan honetan”. Bide honetan “animatzen ditugu datozen urteetan ere jendea landaketetara etortzera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen