Asteburu honetan Inauteriak ospatuko diren arren, gure taldeetako batzuek liga jardunaldia izango dute. Lehena kantxaratzen Mugarri-Ingou izango da. Eskubaloiko euskal ligan Inauteriengatik izango den geldialdia aprobetxatuz, Patxi Garciaren mutilek atzeratutako partida jokatuko dute Gasteizko Corazonisten aurka. Partida ostiralean jokatuko da arratsaldeko 18:30ean Iturripen.

Larunbat arratsaldean Mondraren txanda iritsiko da. Talde zuri-morea Irunera joango da Real Unionen aurka jokatzeko. Partida arratsaldeko 15:30ean hasiko da Gal futbol zelaian. Leintz Arizmendiri dagokionez, martxoaren 6ra arte ez da lehiaketara itzuliko.

Gainerako partidak igandean jokatuko dira. Goizeko 11:00etan Aretxabaletako Ibarra kiroldegian boleiboleko Arizmendiren eta Navarmutilaken arteko partida jokatu da.
Saskibaloiari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldeak Campus Prometeren aurka jokatuko du Logroñoko Adarraga kiroldegian eguerdiko 12:30ean. Bestalde, Mondragon Unibertsitateko mutilek Iturripen jokatuko dute arratsaldeko 18:30ean Valle de Egues taldearen aurka.

Kantxaratuko den azken taldea areto futboleko Mondrate izango da. Oraingo honetan Arrasateko taldea Galdakaora joango da Lagun Onen aurka jokatzeko. Partida arratsaldeko 18:00etan jokatuko da Urreta kiroldegian.
Errugbiko bi talde arrasatearrek, Kanpanzar Arrasatek eta Arrasate/Ordiziak, asteburu honetan atsedenaldia hartuko dute. Gizonezkoen taldea martxoaren 6an itzuliko da lehiaketara eta emakumezkoena 12an.






