Hainbat familiak gogora ekarri dute “umeak direla etxetik irten ezin izan diren bakarrak”. Gaur ere lapiko-jotzea egin dute arratsaldeko 18:00etan.
Arrasateko hainbat familiak ekimen honekin bat egin dute auzo ezberdinetan, eta ikusgai jarri dute euren leihoetan edota balkoietan ondoko leloa: “Umeak etxean preso, SOS haurrak”.
Ekimen honek gogora ekartzen du “egoera berezi honetan badagoela jende kopuru handi bat ez dena kontutan hartu, ezta aitatu ere: gure umeak! Eurak dira bakarrak ezin direnak irten ezertarako ere. Gu nagusiok ahal gara irten beharrera, erosketak egiten, txakurra paseatzen… eurak ez! Betiko legez, helduzentrismoaren biktima dira, ikustezinak, apestatuak, arriskutsuak… Ba ez! Eurak gutxienez geuk beste eskubide daukate, eta beharrizan handiagoak beharbada”.
Horregatik, gaur kazerolada egin dute adibidez Elmako etxeetan, bertako familia batzuek. Biharko ere Arrasaten dei egiten da lapiko-jotzea egitera, arratsaldeko 18:00etan.