Gurutze Gorria “anbulantzia baino gehiago” dela erakutsi dute Ate Irekiek

0
404

Elorregiko boluntarioek herritar ugariri azaldu diete, RCP panpin bat edota DESA bat nola erabili, zein ibilgailu erabiltzen dituzten, nolakoa den barrutik San Prudentzioko eraikina,…

Argazkiak: Debagoieneko Gurutze Gorria.

Debagoieneko Gurutze Gorriak antolatuta, atzo goizean eta eguerdian Ate Irekiak izan ziren San Prudentzioko instalazioetan.

Ekitaldiaren helburua izan zen Gurutze Gorriak Debagoienean dituen proiektuak, baliabide materialak eta giza baliabideak.

“Jende asko etorri da, batez ere haurrak gurasoekin”, Javier eta Elena boluntarioek azaldu digutenez. Biak ala biak, urte ugari daramatzate boluntario gisa, Javier 1983tik, hau da, sorreratik.

Hurrenez hurren, Javier eta Elena Debagoieneko Gurutze Gorriko Asanbladaren lehendakaria eta zenbait proiekturen (Jostailuen bilketa eta Eskola materialarena) arduraduna dira.

Atzoko ekitaldirako Gurutze Gorriak haurrentzat jolas gune bat prestatu zuen eta “eskulanetan txapak egin dituzte. Opari gisa, biserak eta koadernotxo batzuk eman dizkiegu. ‘Correpasillos’ antzeko batzuk ere izan dira”.

Formakuntzari lotuta, “DESA bat nola erabili azaldu dugu, berez nolakoa den eta zein jarraibide dituen. Bestalde, zenbait ibilgailuren erakusketa ireki dugu”:

“Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat, bilaketetara zuzendutako ibilgailu logistiko bat (janariz hornitzen dituena bilaketako parte-hartzaileak eta herritarrei laguntzeko prest dagoena), mendiko bilaketetan erabiltzen dugun lur orotako ibilgailu bat eta mikrobus bat”.

Gainera, Elorregiko eraikina barrutik erakutsi zieten horretarako interesa agertu zuten bisitariei. “Eraikinaren beheko solairuan formakuntzarako gela eta biltegi bana dauzkagu. Lehen solairuan sukalde, ohe eta egongela bana ditugu, batzuetan gaua bertan eman behar izan dugulako, ur handiak, ziklogenesia,… gertatzean, hau da, alertan gaudenean”.

Bigarren solairuan “bulegoa, biltegi bat eta bilerak egiteko gela bat dauzkagu. Eraikinean ere ibilgailu logistiko bat prestatzen ari gara, bilaketetan pantaila bat, ordenadore bat, 4×3 metroko karpa bat, bi kamila eta beharrezko material sanitarioa erabili ahal izateko”.

Zerk harritu ditu gehien bisitariak? “Bazkideak gonbidatuta zeudenez, bazkide batzuei eraikina erakutsi diegu, eta harrituta geratu dira eraikinaren barnealdearekin”:

“Izan ere, eraikina kanpotik begiratuta, ematen du bere barnealdean ezer gutxi dagoela, eta bisitariak harritu dira barrutik zein zabala den eta zein ondo antolatuta dagoen ikustean”.

“Ate Irekietako gune arrakastatsuenetako bat RCP panpinena izan da, lehen laguntzei zuzendurikoa, eta bisitarien artean interes nahiko piztu duena”.

Herritarrei adierazi nahi izan diete “hemen gaudela, Gurutze Gorria anbulantzia baino gehiago garela, herritarrei begirako beste ekintza ugari ere egiten ditugulako. Ate Irekietara bertaratu ezin izan direnak, aukera gehiago izango dituzte aurrerantzean ere”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen