Gure Zirkuak Arrasaten jarraituko du 2020ko bira

0
1601

Irailaren 25etik urriaren 11ra bitarte 15 emanaldi eskainiko ditu taldeak Debagoienean, 2018tik zapaldu gabeko eskualdean.

Joan den uztailaren 17an abiatu zuen GURE ZIRKUAk 2020ko bira; zailtasun eta ziurgabetasun handiko egoeran, eta taldeak aurtengo zituen asmo eta helburuak erabat zapuztuta.

ORIOko egonaldiak ordea agerian utzi du posible dela, Covid-19ak guztia baldintzatzen duen egoera honetan ere, emanaldiak modu seguruan eskaintzea eta aurreko urteetan bezalaxe zirkuaz gozatzea. 13.000 ikusle baino gehiago bildu ditu GURE ZIRKUAk ORIOn eskainitako 43 emanaldietan, eta beste 600 Gozategi taldearekin elkarlanean egindako bi kontzertu berezietan; segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe.

Hori horrela, GURE ZIRKUAk 2020ko birari jarraipena ematea erabaki du, eta ARRASATEn eskainiko ditu udazkeneko lehen emanaldiak, orain arte hartutako neurri eta erabaki nagusiei eutsita:

  • Karpa handiagoa. Osasun agintariek ezarri duten gutxieneko segurtasun-distantzia betetzeko helburuz, GURE ZIRKUAk aurten Portugaldik ekarri duen karpa jarriko du ARRASATEn; aurreko biretan erabilitakoaren halako bi dena, banakako eserlekuak dituena, eta bizikidetza-unitateen artean gutxieneko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetzen duena.
  • Garbitasun-neurriak. Eusko Jaurlaritzaren aginduak eskatzen duen moduan, garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartuko dira emanaldi eta emanaldi artean.
  • Unean-uneko erabakiak. Testuingurua aldakorra denez, emanaldiak pixkanaka iragarriko dira, eta unean-uneko osasun-egoeraren arabera erabakiko dira aurrera begirako urratsak.

Egokitzapen honek guztiak ahalegin gehigarria eskatu dio GURE ZIRKUAri hirugarren bira honi begira, baina eragozpenei aurre eginda eta ORIOko esperientziak indarberrituta, ilusio handiz iragarri nahi ditu taldeak udazkeneko lehen 15 emanaldiak, ARRASATEko Musakola auzoan (Eroski saltokiaren alboan) eskainiko dituenak:

  • Irailak 25, ostirala, 19:00etan
  • Irailak 26, larunbata, 12:00etan eta 18:00etan
  • Irailak 27, igandea, 12:00etan eta 18:00etan
  • Urriak 2, ostirala, 19:00etan
  • Urriak 3, larunbata, 12:00etan eta 18:00etan
  • Urriak 4, igandea, 12:00etan eta 18:00etan
  • Urriak 9, ostirala, 19:00etan
  • Urriak 10, larunbata, 12:00etan eta 18:00etan
  • Urriak 11, igandea, 12:00etan eta 18:00etan

**SARRERAK: jada interneten, www.gurezirkua.eus web-gunean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen