Gure talde guztiak asteburu honetan itzuliko dira lehiaketara

0
386

Asteburu honetan talde guztiak itzuliko dira lehiaketara. Berdegunera salto egiten lehenak Arrasate/ORE taldeko neskak izango dira, AVK Bera Beraren aurka Donostiako Kote Olaizola Mini Estadioan, eguerdiko 13:00etan. Bestalde, Kanpanzar Arrasateko mutilek larunbatean ere jokatuko dute, baina arratsaldeko 16:30ean Mojategin Atletiko San Sebastianen aurka.

Larunbat arratsaldean ere Leintz Arizmendik jokatuko du. Etxetik urrun ere ibiliko da, Zumaiako Aita Mari futbol zelaian arratsaldeko 15:30ean, herriko taldearen aurrean. Bestalde, Mondrak derbia jokatuko du UDAren aurka igandean arratsaldeko 16:30ean Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian.

Eskubaloiari dagokionez, Mugarri-Ingouk ere derbia jokatuko du larunbat honetan. Bere aurkaria Fagor Industrial Aloña Mendi izango da, eta partida arratsaldeko 16:00etan hasiko da Iturripeko kiroldegian.

Bestalde, areto futboleko Mondratek Bilbora bidaiatuko du asteburu honetan, Aldi Elorrietaren aurka jokatzeko. Partida arratsaldeko 17:30ean hasiko da Bizkaiko hiriburuko San Inazio kiroldegian.

Igande goizean, Arizmendi KE boleibol taldeak Navarvoley taldearen aurka jokatuko du goizeko 11:00etan Aretxabaletako Ibarra kiroldegian.

Amaitzeko, igande arratsaldean saskibaloia izango da nagusi Iturripen. 16:15ean Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldeak Paules Galtzagorriren aurka jokatuko du. Ondoren, 18:30ean, EBA ligako Mondragon Unibertsitatea kantxaratuko da. Aurrean Cantbasket 04 taldea izango dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen