Santa Marinako Ludotekako jolasgune berria aurkeztu dute

0
691

Gaur goizean ‘Gure Ortua’, Santa Marinako Ludotekako jolasgune berria proiektua aurkeztu dute. Aurkezpenean Maitane Muñoz Arrasateko Udaleko Garapen Komunitarioko zinegotziak, Amaia Arregi Txatxilipurdiko koordinatzaileak, eta Maialen Kortabarria eta Naiare Artze Santa Marinako Ludotekako hezitzaileetako bik parte hartu dute.

Proiektua 2018an hasi zen haurrekin adostutako parte-hartze prozesu batekin. 2020an egin zen lehen esku-hartzea, murala magotuz. Maitane Muñozek azaldu duenez, “haurrek erabaki zuten zer margotu egingo zen, eta Arrasateko hainbat artistarekin ere parte hartu zuten pintatze-prozesuan. Prozesu polita izan zen, haurrek une oro espazioa nola diseinatu erabaki zutelako.” 2020an, sarrera berriaren obrak ere egin ziren, “ludotekaren ondoan dagoen aparkalekuagatik segurtasun-neurri batzuk hartu ziren, eta horregatik erabaki zen ludotekatik zuzenean sartzea jolas gunera.”

Orain urrats berri bat eman dute jolasgune berri bat instalatuz. Kimu Bat enpresak egin du ‘Gure Ortua’ proiektua. Mota honetako egituretan aditua den enpresa bat da. Ludotekaren kanpoaldean egitura ezberdinak jarri dituzte. Lokatzgunean egurrezko hesiak jarri dira, sokez osatutako egurrezko zubia, arearekin jolasteko txoko bat eta eskalatzeko beste txoko bat eraiki dituzte.

Amaia Arregik gaineratu duenez, “proiektuaren berezitasunik nabarmenena haurrak proiektuan parte hartzea izan da. Hasieratik, parkearen diseinua bere ideia eta nahietatik sortu zen. Polita izan da prozesu horren hasieran egondako haurrek erabiltzaile izaten jarraitzea, eta haien parte-hartzearen emaitza ikustea.”

Ludotekaren erabiltzaileak 3 eta 12 urte bitarteko haurrak dira “haur bakoitzak bere espazioa du. Parkeak hainbat ekintza eta jarduera egiteko aukera ematen du.” Aurten 80 haur inguruk izena eman dute Santa Marina ludotekan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen