Gure kiroldegia: zatika jausten den luxu bat [Testua: Lorea Ibarra]

6
2932

Argazkiak: Lorea Ibarra.

Duela hilabete bat EAJ-ren kiroldegi berriaren proiektuaren berri izan nuen, “deja vu” txiki bat izan zen, hots, iraganean kiroldegi berri bat eraikiko zutela entzunda nuelakoan nengoen, memoria txarra dut, baina hara non eta EAJ-ren lehen puntua izan zen 2019ko hauteskundeetan, punteria txarra izan behar du Udal Gobernu batek bere lehen puntua ez betetzeko edo hormigoizko aurpegia.

Hori buruan nuela, gaur goizean 6,20 euro xahutu ditut gaur egungo kiroldegiaren sarreran, hasieran, aurpegira lapurtu didatela pentsatu dut, jarraian, konturatu naiz sarrera ordaintzeko dudan pribilegioaz. Izan ere, nik moduan aste barruan kanpoan bizi diren ikasleen zati handi batek ez duelako benetan aukerarik astebururo horrelako sarrera erosteko ahalmena.

Aipatutako sarrera honek bakarrik gimnasiorako eta aldageletarako balio izan dit, aldiz, ez didate lehorreko beste baliabideak erabiltzen utzi. Nire ustetan, eta froga moduan artikulu honetan atxikitzen ditudan argazkiak, ez dut uste kalitatezko kirol-instalakuntzak direnik, egia esan, kiroldegia egoera tamalgarrian dago.

Hori gutxi balitz bezala, beste arazo batzuekin topatu izan naiz: hasteko aldageletako dutxak penagarriak dira (zikinak, lizuna, apurtuta dauden takilak…). Bestalde, ordutegia udaletxeko zinegotzientzat diseinatuak daudela dirudi: igandeetan 9.30ean zabaltzen da sarreran hamarnaka pertsona pilatuz, Aste Santuan 9.00etatik 14.00ak arte soilik dago irekita eta Pazko-astean eta udan 9.00etatik 21.00etara. Zein ez dago ekainean eta uztailean 9.00etan lanean? Ordutegiak langile edo ikasleentzat ez dute zentzurik.

Argi utzi nahi dut, ez dudala esan nahi langileek ordu gehiago sartu behar dutenik, guztiz kontrakoa, udaletxeak milioika euro esleituko ditu kiroldegi berriaren egokitzapenetan; orain bertan beraien aurrekontuetan ez dute dirurik ordu pare bat gehiago sartu ahal duen langile berri baten soldata ordaintzeko? Edo daudenei soldata handitu eta kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko?

Udan atletismoko pista erabiltzeko aukera izan nuen, Arrasaten bizi gara, eta bai, udan ere euria egiten du, hori horrela, egun euritsuetan 400 metroko igerileku bat zirudien pista, aldiz, beroa egiten zuenean pistak zituen pitzadurek gure segurtasuna kolokan jartzen zuten. Eta oraingoz, nik dakidanez, ez dute atletismoko pista egokitu. Noiz arte egongo gara horrela?

Esan dudan guztia laburbilduz, gure politikariek argazki asko egiten dituzte orain kanpainan sartuta daudelarik, kiroldegiaren inguruan hitz egin digute, baina aurreko kanpainetan ere berdina esan ziguten eta gure kiroldegia gero eta zaharragoa eta garestiagoa da. Noiz edukiko dugu benetan kalitatezko aisialdiarentzako leku merke bat Arrasaten? EAJ-ren udaletxearen aisialdi eredua tabernetan egotearena da? Hemerotekak dio Garaik, kirol-zinegotziak, herritarrak entzuten dituela (Diario Vasco) , ea entzutetik egitera igarotzen den.

6 IRUZKIN

  1. Eajren eredua tabernetan egotea? Sonografo, ordenantza eta isunez itxota daude eta. Kiroldegia txarto ostalaritza eta merkataritza berdin

    • Esango nauke gehixau batzokixetan, Arrasateko Udal Gobernu hau ez da tabernen oso lagun. Hala ere ez dotzat kentzen koma bat bez iritzi artikulua.

    • Aupa Esther, ez nuen tabernariak kritikatu nahi, badakigu zuek ere nahiko itota zaudetela, halatabe, EAJ-ak gazteontzako aisialdi eredurik ez duela salatu nahi nuen, bakarrik tabernetara joateko aukerak ditugula seinalatzea zen nire helburua.

  2. Artikulu hau irakurrita, baten bati aurpegia ederki gorritu beharko litzaioke. Arrasateko poliaren asuntuak ez deko hitzik; garestia, eskasa, egoera tamalgarria eta zerbitzu txarra. Zerbait gehiago behar dute espabilatzen hasi daitezen????

  3. Kiroldegiaren egoera eta zerbitzuak tamalgarri eta eskasak iruditzen bazaizkizue, bota begirada bat atletismoko instalazioei, pista eta batez ere gimnasioari.

    Arrasateko atletismo taldetik atleta ikaragarriak irten dira, espainiako txapeldun ugari eta Europako txapelketetan aurreko postuetan ibilitakoak ere. Hala ta guztiz be, udaletxeak ez dio inolako garrantzirik ematen klub honi. Hori bai, futbolaz aritzen garenean orain dela pare bat urte milio bat eurotik gorako obra martxan jarri zuten, zer eta futbol zelaiko belarra berrizteko.

    Diru horrekin, atletismoaz aparte, beste kirol askotako klub eta instalakuntzei bultzada izugarria emateko gai izango ziren, kiroldegiko gimnasioa barne.

    Udaletxe honek dirua nun gastetan dauen ikustia geroz eta interesantiau jartzen da, eta zenbat gastetan dauen ondio gehixau.

    GORA ROTONDAK ETA FUTBOL ZELAIKO BELARRA !!!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen