Apirilaren 14an hasi zen ETB-1ean ‘Adinberri’ saioa. Programa hau zahartze aktiboa sustatzeko azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen programaren barruan kokatzen da. Honen inguruan, Manu Alvarez Athlon taldeko kidearekin hitz egiteko aukera izan du Mondraberrik.
Argazkiak: EITB.
Nola sortzen da ‘Abinberri’ eta zein da programaren helburua?
‘Adinberri’ da Foru Aldundiak azkenengo urtetan martxan jarritako proiektu estrategiko bat zahartze aktiboa sustatzeko. Proiektuaren barnean hainbat ekintza egiten dira. Gu ikerketa proiektu batzuetara aurkeztu gara, eta azkenengoa izan da telebista programa hau.
Programa sortu egin da AZK enpresaren ekimenez, eta Foru Aldundiarekin batera proposatu zioten ETBri programa hau sortzea. Konfinamendu egoera honetan, badago eskaintza handia interneten kirola egiteko, baina EITBn ez dago holakorik. Saio gehienak interneten edo sare sozialetan daude, baina ez dago ezer mondatuta jende nagusirentzat, eurentzako erreza izateko. Are gutxiago euskaraz. Behar horri erantzuna emateko sortu zen ‘Adinberri’.
AZK gurekin kontaktuan jarri zen proiektuan parte hartzeko, ariketa fisiko eduki horiek prestatzeko. Meditazioko ariketak Donostiako Baraka psikologia zentro batean diseinatu dituzte, eta ariketa fisikoak, Athloneko profesional eta EHUko irakasle batzuek diseinatu ditugu.

Nola antolatu zarete programa martxan jartzeko? Nola izan da grabaketa?
‘Adinberri’ Aretxabaletako Ibarra Kiroldegian grabatzen da. Athloneko bost lankide, tartean fisioterapeutak eta kirol eta heziketa fisikoan lizentziadunak, bakoitzan programa bat prestatzen dugu: batzuetan koordinazioan oinarritutako saioa, beste batzutan indarra, erresistentzia,…
Egindako gidoia aurkezleei bidaltzen diegu bideo batzuekin ariketak nola egin behar dituzten azaltzeko. Eta aurkezleen lana da guk egindakoa ikus-entzuleei komunikatzea. Azken finean, gu gara programaren gidoialariak.
Zeinek egiten dituzte aurkezle lanak, eta zein enpresa arduratzen da programaren grabaketaz?
Arlo fisikoaz arduratzen da Iñigo Vicens ondarrutarra. EITBko hainbat programatan parte hartu du, eta kirol munduan sartuta dago. Mindfulness edo meditazio atalaz Zuriñe Hidalgo arduratzen da. EITBn ere lana egin du.
Grabaketa AZK eta Arteman enpresek egiten dute. Saioa egiten den bitartean, bertan gure lankide bat egoten da ziurtatzeko ariketa guztiak ondo egiten direla. Ondoren EITBri bidaltzen saio grabaketa.

Zein atal ditu saio bakoitzak?
Lehenengo ariketa fisikoak egiten dira. Atal hau beroketa batekin hasten da, mugikortasun artikularra lantzeko, ondoren, zati nagusian, oreka, indarra, koordinazioa eta erresistentzia lantzen dira. Bukatzeko, lasaitasunera bueltatzeko luzaketa batzuk egiten dira, egindako esfortzutik errekuperatzeko.
Ondoren, Zuriñe Hidalgoren txanda da, mindfulness edo meditazio atala. Programa osoak ordu erdi irauten du.
Programa apirilaren 14an hasi zen, nolakoa izan da harrera?
Harrera oso ona izan da, lehenengo astean audientzi handia izan genuen, ‘El conquis’ baino ikusle gehiago. Astero jendeak jarraitzen gaitu, gure inguruan ere hori sumatu dugu. Asmoa da jendea berriro ariketa fisikoak egitea, eta apurka-apurka ikusi dugu jendea ari dela berriz ohitura hartzen. Erreza egiten zaielako telebista jartzea eta ariketak egitea.
Kritikak oso onak izan dira eta jendea gustora dago. Hasieran 10 programa egiteko asmoa genuen, baina lehenengo astean 25 programa gehiago egiteko eskatu ziguten. Sare sozialetan ikusi dugunez ikusleek programa telebistan jarraitu nahi dute.
Bestalde, lehenengo astean egon zen kritika apur bat, aurkezleak ez direlako kirol eta heziketa fisiko ezta meditazio arloetako profesionalak. Intrusismoa zen edo ez eztabaidatu zen. Gure aldetik, egiten ari diren lana defendatu nahi dugu. Beraiek aurkezleak dira, komunikatzaileak, eta lan hori egiten dute. Edukiak profesionalok sortzen ditugu diziplina ezberdinekin.