Patxi Ruizekin elkartasunean, arrasateko 6 gaztek 48 orduko baraualdia egin dute asteburu hontan. Greba gaur arratsaldeko 20:00ak arte luzatuko due eta beraien hitzak jaso ditugu helburuak, mezua eta testuingurua hobeto ezagutzeko asmoarekin.
Zer dela eta hasi zuen Patxik gose eta egarri greba?
Patxik Covid-19aren inguruko neurriak eskatuz protesta baketsu batean parte hartu zuen, horren ondorioz, espetxeko funtzionario batek kartela kendu eta moduloko zuzendariak mehatxu larriak egin zizkion, bere bizitza ere arriskuan egon litekeela ulertaraziz. Azkenean, sakabanaketaren ondorioz Murtzian erbesteratuta dagoen eta baldintza oso gogorretan espetxeratuta dagoen presoa da, aurretik ere mehatxuak eta erasoak jasan dituena. Egoera jasangaitz batek eraman dute Patxi borroka latz hau hastera, hasieran bere burua zaurituz eta gose eta egarri greba mugagabea hasiz, eta ospitalean egon ostean ura onartuz baina gose grebari eutsiz.
Zergaitik hasi zenuten 48 orduko baraualdia?
Gure asmoa Euskal Herriko beste pertsona askorekin batera elkartasun keinu bat egitea izan da. Sinbolikoa neurri batean, baina praktikoa ere bai, tarte hau baliatu dugulako esku orriak prestatzeko, formazioak jasotzeko, solidario gisa informazioa kalean banatzeko, pankartak egiteko eta etorri zaizkigun militanteekin egoeraz hitz egiteko ere.
Zer eskatzen du Patxik?
Patxik momentu honetan honako neurriak eskatzen ditu gose greba bertan behera uzteko:
-Espetxeak bere egoeraren aurrean daukan erantzukizuna aitortzea.
-Mehatxuak, jipoiak eta irainak behin betiko bukatzea.
-Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea.
-Euskal Herrikoak ez diren gainerako preso politikoak ere euren bizilekuetara gerturatzea.
Uste duzue greba honek eragina izan duela presoen auzian?
Uste dugu baietz. Presoen egoera larria, muturrekoa eta askotan jasangaitza dela gordintasunez ipini du gaurkotasunaren erdian. Patxi Ruiz prest dago heriotzeraino iristeko bere borrokan, baina berak sufritzen eta salatzen dituen baldintzak euskal preso politikoen kolektibo osoarenak direla. Familia askotan eduki ditugu preso politikoak, garai eta belaunaldi desberdinetan, eta herrian badago sentsibilizazio eta ardura zabala gaiarekiko. Patxi Ruizen borrokak bozgorailua ipini die antzeko egoeran dauden kide eta senide askori.
Nola nabaritu duzue Euskal Herriaren erantzuna?
Euskal Herrian hainbat eta hainbat mobilizazio egin dira eta egiten ari dira: baraualdiak, elkarretaratzeak, manifestazioak, denetariko ekimenak… eta Patxi Ruizen egoera ozen plazaratu dela uste dugu. Egindako irakurketek azpimarratu dute Patxi eta bere kideak preso politikoak direla eta gatazka baten ondorioz daudela preso; baita euren borroka zilegia eta txalogarria dela ere. Egoeraren gordintasunaren barruan, herri mobilizazioa ikustea pozgarria izan da, Patxik berak adierazi duen bezala.
Nola moldatu zarete zuek 48 ordu hauetan?
Uste baino hobeto egia esan. Kideon artean giro onean ibili gara, eta esan dugun bezala, entretenimendurik ez zaigu falta izan. Politikoki ere ahalegindu gara denbora aprobetxatzen, lehen esan dugun bezala. Dena dela, afaria eskertuko dugu!
Elkartasun keinua kaleko paretak margotzen eta herria zikintzen? Ez duzue lotsarik. EHko bizilagun gehienek ez dute behar beraien herriko paretak horrela ikustea. Errespetua da lehendabiziko gauza ikasi behar duzuena, hori galtzen denean beste guztia sobera dago.
Preso bat hiltzen eta pintaketa batek molestatzen dizu? Niri auzo-lotsa ematen didazu.
‘Errespetua’ esaten du gainera…hamaika ikusteko!