“Gure arbasoek dolua eramateko erak gure egunerokoan eragina du”

0
969

Amaidolua elkarteak antolatuta, Sara Vitoria Zabaleta aditu arrasatearrak hitzaldia eman du, herritar ugari erakarriz, ondoko izenburuarekin: ‘Familia sistemaren dolu bizipena eta belaunaldien arteko eragina’.

Sara Vitoria Zabaleta psikologo klinikoa dugu, bikote- eta familia-terapeuta, konstelazio familiarren erraztailea, eta aditua traumaren integrazio eta birprozesatzean.

Era berean, brainspoting terapia bideratzen du, Osho meditazioen erraztailea da, eta ‘No entiendo a Mamá’ liburuaren egilea dugu.

Hitzaldiaren hasieran dolu motak ezberdindu ditu, “hildako familiakidearen arabera, harreman motaren arabera, heriotza motaren arabera,…”.

Honen inguruko zenbait adibide jarri ditu eta azpimarratu du “dolua ez dela soilik heriotzaren ondorio, gaixotasunak ere dolua eragin baitezake, baita aro ezberdinek ere, adibidez haurtzarotik nerabezarora”.

Hitzaldian ere azaldu du “familian kide, pertsona ezberdinek nola eraman dezaketen dolua, eta nola bideratu modu osasungarri batean, lizkargune edo eraso gune ez izateko”.

Ekitaldian gogora ekarri du “gure arbasoek nola eramaten zuten dolua, eta horrek zein eragin izan dezakeen gure egunerokoan, izan ere, herentzia hori jaso dugu”.

“Inkontzienteki min, drama, herentzia hori transmititzen da, batzuetan sekretuen bitartez. Beraz, ez daukagu zertan jakin iraganean zer gertatu zen, horrek guri eragiteko”.

“Askotan gehiago transmititzen da belaunaldien artean isiltasunekin, jarrerekin,… iraganean gertatutakoaren inguruan, gertatutakoa esaten baino”.

Horren inguruko adibide batzuk egon badaude: “Zergatik hil zen senide bat? Zergatik galdu zen familiaren baserria? Zer gertatu zen familian gerra garaian?”.

Bestalde, Sarak eskertu du “Amaidoluak eman didan hitzaldia emateko kristoneko aukera hau, gai oso garrantzitsua baita”.

“Jendeak jakin dezan memoria honek guztiak nolako jarraipena duen gugan” hitzaldira berak egindako ‘No entiendo a mamá’ liburua bertaratu du.

Hitzaldiak herritar ugari erakarri ditu, eta Amaidoluko Maite Urzainek aurkezpena egin ostean, Sarak hitzaldia eskaini du, entzuleek adi jarraituz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen