Estatu-biolentziaren lekukotza eman du Gudari egunak, “Euskal Errepublika helburu”

0
491

Gerra zikinaren biktima batek testigantza eman du, Agurtzane Letamendiaren erailketaren eta Juan Joxe Etxaberen aurkako atentatuaren inguruan. Sortuk baieztatu du “Euskal Herri independiente, sozialista, feminista eta euskalduna” xede duela.

Sortuk antolatuta, herritar ugarik gaur arratsaldean manifestazioa eta ekitaldia egin dituzte Arrasaten, Gudari Eguna 2021ean.

Monterrongo ekitaldian txistulariek eta dantzariek parte hartu dute, besteak beste, eta ekitaldiaren antolakuntzak krabelin gorriak banatu ditu jendartean.

Monterron parkeko ekitaldian estatu-indarkeriaren biktima batek lekukotza eman du, zehazki, Tripe A talde terroristak Donibane Lohitzunen eraildako Agurtzane Letamendia Arregiren eta atentatuan larri zauritutako Juan Joxe Etxabe Orobengoaren ilobak lekukotza eman du.

Ekitaldian ondorengo testua irakurri da: “1975eko irailaren 27an fusilatuta erail zituzten Txiki eta Otaegi, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik. Gaur, 46 urte geroago, Txiki eta Otaegiren eta gure herriaren askatasunaren alde eroritako hainbat borrokalariren Euskal Herriak eta haien borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu”.

“Bizirik jarraitzen du lehenengo eta oraingo abertzaleon borrokak, baina gure herriaren askatasuna ukatzen dutenek lehengoan jarraitzen dute, indarrez ezarri zuten zapalkuntza indarrez mantendu nahian. Indarrez, kriminalizatuz eta bere epatitgi berezien bitartez memoriarako eskubideak ukatu nahi digute; beren indarkeriak zapaltzen duen Herri honi izateko eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, beren indarkeriaz eragin dituzten eta eragiten dituzten kaletuen eskubideak ukatuz”.

“Baina beren errelatoarekin gurea ukatzea ere helburu dute, bestearen errelatoa eta memoria ukatzea menpekotasuna mantentzeko oinarrizkoa dutelako. Horregatik desitxuratzen eta ukatzen dute gure herri honekin duten gatazka politikoa dela, eta frankismoan ezartzen zuten zapalkuntza nazional berbera dela gaur ezartzen dutena. Eta Estatu handien indarraren arrazoia da, herri txikien arrazoiaren indarrari inposatzen zaion logika hipokrita eta totalitarioa da.
Baina askatasun nahiaren arrazoietan aski indar eta grina izan zuten gure aurrekoek frankismorik ilunenean argi bila abiatzeko, eta aski indar eta grina dugu haien urratsetan jarraitzeko, Euskal Herri indenpendentea amestuz eta horren alde borrokatuz”.

“Ongi dakigu nondik gatozen eta nora goazen. Luzea eta oinazez betea izan da orain artekoa, eta helburuak lortu artekoa ez da izango nekerik gabea”.

“Lur honetatik sortutako mugimendu politiko askatzailea gara eta gure sustraietatik zutitzen gara gaur ere Euskal Herriaren askatasunaren alde dena emanaz erori direnak lepoan hartuz. Inoiz baino argiago dago gure herriak ez duela etorkizunik Espainia eta Frantziaren mendean; beraien izaerak eta jarrerak ezin argiago erakusten digute askapen nazionala eta soziala premiazkoak ditugula. Ez dugulako haiek inposatzen diguten eredurik nahi, ez dugulako haien aginduetara eraiki nahi gure Herria, ez dugulako izan nahi haiek nahi dutena. Euskal Errepublika, berdinen artekoa, diskriminaziorik gabe, dugu helburu. Geuk erabakitzen duguna izan nahi dugu, askatasunean, berdintasunean”.

“Herri txiki bat izan nahi dugu, inor zapaldu gabe, inoren inposiziorik gabe. Hori da gure aurrekoen borrokaren irakaspena, eta haiek gogoan izanez, haien ereduari jarraitu nahi diogu, gizarte justu bat lortu arte. Aurreko haien leloak dio: Asko gara, bil gaitezen. Herriak soilik aska dezake herria, baina horretarako herriak bere burua antolatu behar du, bere indarrak ahalik eta ongien baliatzeko. Jarrai dezagun horretan, Euskal Herri independiente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen