Arrasateko Udalak lehenengo bilera Grupo San Juaneko 3 plazetako bizilagunekin batera egingo du. Martxoko hurrengo asteetan hainbat saio egingo dira plaza bakoitzeko bizilagunekin. Udalaren helburua proiektuaren idazketa 2023ko bigarren seihilekoan martxan jartzea da.
Testua: Arrasateko Udala.Argazkia: MB artxiboa.
Arrasateko Udalak martxoaren 2an partaidetza-prozesu bat hasiko du Grupo San Juan taldeko 3 plazetako bizilagunekin, eremua eraberritzeko proiektua elkarrekin egiteko. Horrela, Udalak bizilagunekin hartutako konpromisoa beteko du. Prozesua Emun aholkularitza-enpresarekin lankidetzan garatuko da.
Martxoaren 2an egingo da lehenengo bilera amankomuna, 18:00etan, Grupo San Juaneko 3 plazetako bizilagun guztientzat. Martxoko hurrengo asteetan hainbat saio egingo dira plaza bakoitzeko bizilagunekin. Gero, prozesuaren bilakaera ikusita, beste saio batzuen beharra aztertuko da. Bilerak Kulturolan egingo dira.
Helburua da etxe-taldea osatzen duten 3 plazen berrurbanizazioak oinarrian izan beharko dituen irizpideak erabakitzea. Horien gainean gauzatuko Udalak 3 plazen berrurbanizaziorako proiektua.
Hala, plazen izaeraren inguruan, horien arteko harreman fisikoaren inguruan, espazioen kalitatearen inguruan, gabezien asetzearen inguruan eta etxe-taldeko espazio publikoen geroaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta, ahal den heinean, adosteko foro gisa planteatu ditu udalak parte-hartze saio horiek.
Lagungarri izan daitekeelakoan, udalak proposamen batzuk sortu ditu, baina erreferentzia gisa soilik erabiliko dira; inola ere suposatuko ez dutelarik diseinu itxi bat. “Hala, plaza bakoitzak bere aldetik landu ahal izango ditu bere gerorako desirak, baina ahaztu gabe badirela 3 plazak lotzen dituzten gaiak ere. Gainera, etxe-taldea herriguneko hiri-bilbearen bihotzean dagoenez, gainerako herriarekin izango duen harreman urbanoa ere kontutan izan beharko da prozesuan” nabarmendu dute Udaletik.
Udalaren helburua da 2023ko bigarren seihilekoan abian jartzea proiektuaren idazketa.