AGAKOk antolatuta, Hasier Larrea kazetariak galderak proposatu ditu, eta hainbat herritarrek adi jarraitu dute ekitaldia.
Ane Lopez arrasatearrak, Alemanian 3 urte eman ostean, 2018tik Grezian aktibista dihardu. Julen Mendizabal arrasatearra 2018an joan zen Greziara, hango altxamendua lehen eskutik ezagutzeko. Atenas, Kreta eta Tesalonikan izan zen.
Hitzaldiaren hasieran ‘Pule’k altxamenduaren testuinguru politikoa egin du. Ane Lopezek gehitu du Grezian errefuxiatuen inguruan “deshumanizazioa oso gogorra izan dela”.
Azaldu duenez, asier edota afrikar jatorriko pertsona hauek “ez dute Grezian geratu nahi, Alemaniara joan nahi dute, lan baten bila dabiltzalako”.
“Arazo garrantzitsuenetako bat da errefuxiatuei eurei ez dietela erabakiak hartzen uzten”, eta hainbatetan “gobernu kanpoko erakundeek hartzen dituzte, errefuxiatuei kontsultatu barik”.

Bi arrasatearrak bat etorri dira adieraztean Atenasen “polizia asko daudela, adierazpen arrazistak eta xenofoboak egiten dituztela” eta “sorgin ehiza bat indarrean dagoela”.
Ane Lopezek gehitu du “polizia bakoitza migrantearentzat muga bat dela”, izan ere, poliziak migrantea paperik gabe harrapatuz gero, migrantea herrialdetik kanporatuko dute.
Gainera, errefuxiatuen mugimenduek “negozio militar bat egiteko aprobetxatzen dute batzuek”. Kinka larri hau “Europar Batasunari komeni zaio, eta txalotzen du. Adibidez, asilo eskubidea behin-behinean ukatu zenean, ikaragarrizko eskubide urraketa dena, EBk txalotu egin zuen”.

“Europa izorratzeko modurik eraginkorrena errefuxiatuei mugak zabaltzea da, eta Erdoganek hori jakin bazekien, horregatik erabaki zuen hori egitea”.
Testuinguru orokor honetan, “hedabideen jokabidea okerra izan da. Komunikabideek eta oro har egoeraz informatzen dugunok errefuxiatuen egoera erromantizatzeko joera daukagu, eta morboa eragiten dugu”.
Era berean, “argazki eta irudi denigratzaileak kontsumitzen ditugu”, eta “horietan oinarritzen dugu gure jakintza”. Hitzaldia mamitsua izan da, eta Greziako kinka lehen eskutik ezagutzeko aukera eman du.