Atzo bilera egin zuten EH Bildu (goiko argazkian) eta Podemos Arrasaterekin. Gaur (ostirala) bilkura egingo da Herriko plazan. LAB sindikatuak azaldu duenez “negoziazioak berrartzeko prest gaude, baina oraingoz enpresak ez digu erantzun”.
Lehen bi argazkiak: Langile Abertzaleen Batzordeak.
Langileek gaur 5. greba-eguna dute, eta atzo bilera bi egin zituzten goizean, Udaleko EH Bildurekin eta Podemos Arrasaterekin:
“Biei ala biei eskatu genien grebalariei babesa eta atxikimendua adierazteko, eta enpresari eskatzeko mesedez konponbidea lehenbailehen mahai gainean jar dezala eta akordioa sina dezala”.
EH Bildu eta Podemos Arrasate bileretan “konprometitu ziren, euren taldeetan kontsultatu ostean, prentsa-ohar bana ezagutzera emango dutela, grebara atxikitzen direla adieraziz, eta ikusten dutela, udal-zerbitzua izanda, Udalak jarraipena egin behar lukeela eta langileen aldarrikapenekin bat egin behar lukeela”.
EH Bildu eta Podemos Arrasatek hitzeman zieten “enpresarekin harremanetan jarriko direla, enpresari eskatzeko eta exijitzeko lan-gatazka hau lehenbailehen amaitzeko eta hitzarmen duin bat izateko”.
Ondoren, atzo eguerdian, grebalariek eta euren ordezkaritza sindikalak Prezero parean egin zuten bilkura, “enpresa interpelatzeko, azken finean eurak baitira sinatu behar dutenak”.
Izan ere, “Udalak azpikontrataturiko zerbitzu bat den arren, kontratazio zuzenen ardura Prezerok dauka”.

Atzo arratsaldean grebalariek beste bilkura bat egin zuten, Herriko plazan, “sinetsita baikaude herritarren artean ere kontzientzia beharrezkoa dela, langileak greban egonda eta zerbitzua etenda egonik”.
Greba honen helburuetako bat da “herritarrak ere gure borrokara batzea edo behintzat lan-ideologiko hau egitea”.
LAB sindikatuak jakitera eman zuen “herenegun enpresaren deia jaso genuela, Plenoan pleguak onartu ez zirelako, eta horren jakitun zirelako”.
“Eurek jakin badakite lan-akordio honetarako oraingoz garaiz gabiltzala, eta enpresakoek eskatu ziguten gure proposamena eurei bidaltzeko, negoziazioak berrartzeko”.

LABeko ordezkaritzak herenegun arratsaldean enpresako ordezkari batekin hitz egin zuen eta “berretsi genion gure proposamenak bere horretan jarraitzen duela”.
LABek langileen prestasuna agertu zion “negoziaketak berrartzeko eta greban egonda gure helburua sinatzea dela grebari bukaera eman ahal izateko. Hortaz, printzipioz enpresarekin harremanetan jarraitzen dugu”.
Greba-egun hauetan langileak goizeko 10:00etan elkartzen dira Herriko plazan, eta “herritarren artean informazioa nahiz propaganda banatzen ditugu”.
Gaur (ostirala) langileen ordezkaritzak azaldu digu “ez dugula enpresaren aldetik oraingoz erantzunik jaso”. Gaur arratsaldean bilkura egingo da enparantza berean 18:00etatik aurrera herrikideentzat ere zabalik.