Greba Egunean Greba Batzordearen izenean botatako azken hitzak

0
1345

Gaurko greba orokorra mugarri bat izango zela esan genuen. Eta hala izan da. Gaurko greba egunean borroka ez dela amaitzen esan genuen, eta determinazio osoz jarraitu nahi dugu bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten alde lanean. Baina horretarako herri bizi bat behar dugu borrokan. Horretarako indarrak batu behar ditugu: langileok, pentsionistok, feministok, gazteok, ikasleok, langabetuok. Herri hau lozorroan nahi gaituztenok, jai daukate!

Balioan jarri beharreko egun bat izan da gaurkoa. Mugimendu desberdinen arteko aliantzaren bidez antolatu dugu gaurko Greba Eguna. Lantokiz- lantoki, dozenaka asanblada egin ditugu Arrasaten. Asanblada bakoitza garaipen bat da. Eztabaida sustatu da, injustizia eragiten duten politika publikoez hitz egin da. Herri langilearen aldarrikapenak sozializatu ditugu. Bozketak egin diren lantokietan izugarrizko emaitzak lortu ditugu. Egia da koperatibetan gora-beherak egon direla, baina balioan jarri nahi ditugu koperatibetan egon diren grebaren aldeko milaka bozka horiek ere. Komertzio txiki ta ostalariei txalo bero bat egindako esfortzuagatik. Hezkuntza komunitateak ere planto egin du, egungo eredua aldatzeko eta etorkizuneko belaunaldiek bizitza oparoagoa izan dezaten. Bizitza duin baterako, zaintza arduratsua, partekatua eta komunitarioa behar dugula ere bistaratu dugu. Horregatik guztiagatik, gaurko egunak balio politiko izugarria izan du, baita Arrasaten ere.

Goizeko 5etan hasi dugu eguna. Hainbat ekimen egin ditugu goizean zehar. Eguna zapuztu nahi izan digute eusko jaurlaritzako piketeek, bi grebalari identifikatuz eta grebako materiala lapurtuz. Baina ez dute lortu, izan ere, eguerdian Arrasaten mila pertsona inguru mobilizatu gara, kalean jarraitu dugu. Egoera honen erantzuleak salatu ditugu. Greba honen prestakuntzak iraun dituen egunetan eta gaurko greba orokorrean entzun behar izan gaituzte.

Eta orain ere, hemen gaude! Ta ez gaude amore emateko prest. Kalean ikusiko dugu elkar. Batuta indartsuagoak gara.

Bizitza da handiena! Gora bizitza!
Biba zuek!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen