Granadara abiatu aurretik udaletxean izan dira MU Ointxekoak

0
723

Jokalariez gain, bertan izan dira, Maider Morras alkatea, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea, Oihane Agirre Ointxeko presidentea, Idoia Peñakoba MU-ko idazkari nagusia eta Iñaki Ogara ‘Arri’ entrenatzailea. Kirolariek guztien partetik esker oneko hitzak jaso dituzte.

Ez da badaezpadakoa aurten Mondragon Unibertsitatea Ointxe lortzen ari dena. Duela 2 denboraldi Lehen Maila Nazionalera igo ziren eta aurten, Emakumezkoen 2. Ligarako igoera fasera sartzeko bi postuetako bat lortu du. Udaletxeko prentsaurrekoan, Oihane Agirre Ointxe taldeko presidenteak esan duenez “Ointxeren helburuetako bat da emakumezkoetan aurrera egin eta lehiatzea”. Helburu horiek, kantxa barruan gauzatzen ari da taldea.

Lehen Maila Nazionaleko ligan EAEko, Nafarroako eta Errioxako 14 talde lehiatu dira, eta Mondragon Unibertsitatea Ointxek hirugarren amaitu du 19 garaipen eta 7 porroteko balantzearekin. Igoera faserako bigarren postua ligako 2. postutik 5.era sailkatutako taldeen
artean lauko finala irabazi zuenari ematen zaio. Donostian jokatutako lauko final horretan, Ointxek San Ignacio Iruñeari irabazi zion finalerdian, 63-48, eta finalean faborito nagusiari, Donostiako Easori, 56-59. Gainera, Izar Bedia kapitaina, denboraldiko MVP izendatu zuten.

Lorpen hau erdietsi ostean Emakumezkoen 2. Ligara igotzeko aukera dute neskek Granadan. Liga hau Espainia mailan dagoen hirugarren maila garrantzitsuena da. Espainiako emakumezkoen saskibaloia Emakumezkoen Endesa Liga eta bigarrena Emakumezkoen Challenge Liga bakarrik daude horren gainetik.

Denboraldi historikoa izan dela jakitun, Granadara abiatu aurretik Iñaki Ogara ‘Arri’ entrenatzaileak argi utzi nahi izan du neskek duten lan konpromisoa: “Neska hauen lana aipatzekoa da, talde honetan lanean dauden eta unibertsitatean ikasle bezala ari diren neskak daude”. Gainera, txikienentzat ispilu direla ere aipatu du: “Bailara mailan erreferente dira eta hori gazteentzat garrantzitsua da”. Hala ere, neskak ez daude oraindik konforme, Izar Bedia kapitaina lehitzeko gogoz agertu da: “Gogotsu goaz Granadara, konpetitzeko gogoarekin”.

Bestetik, esker ona adierazteko, udaletxean izan dira baita ere Idoia Peñakoba MU-ko idazkari nagusia, babesle nagusi bezala eta Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea, Aretxabaletan entrenatu eta jokatzen baidituzte Ointxeko emakumezko 1. mailako tadeek etxeko partiduak. Oihane Agirrek adierazi duenez: “Kantxa oso polita daukagu lehiatzeko eta gero eta gehiago bete nahi dugu”.

Emakumezkoen 2. Ligara igotzeko faseari loturiko albistea:Granadan izango du jokoan MU Ointxek LF2-rako txartela

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen