Gorostizakoak taldea: “Igogailuak 2026an egiten has dadila Udala, hala adierazi digulako”

0
1610

Helburu horrekin ‘Malbinetako’ auzo-talde honek “ia 700 sinadura batu ditugu”. Udalarekin eta talde politikoekin “bilera asko egin ditugu”, eta otsailaren 27koan “Udalak adierazi zigun 2025ean obretarako baldintzen plegua, idatzizko proiektua eta lizitazioa izango direla”. Gorostizakoak taldeak proposatzen du bi igogailu egitea. Baita beste hobekuntza batzuk lorezaintza eta frontoiari dagokienez ere.

Beheko irudia: Gorostizakoak taldea.

Auzo honetako zenbait bizilagunek Gorostizakoak izeneko taldea sortu zuten, eta bi urte daramatzate elkartzen.

“Gure helburua da auzotarren bizi kalitatea hobetzea – adierazi du taldeko eledun Mikel Olabek – eta horren barruan irisgarritasuna bermatu dadila”.

“Gure auzoetan 1.000 pertsona inguru bizi gara, 465 etxebizitzatan, eta azken 30 urteetan auzoa, neurri batean, abandonatuta egon da”.

Horren aurrean auzo-talde berriak “bitarteko asko erabili ditugu auzoko gaiak lantzeko: asanbleak egin ditugu, sinadura bilketa bat eta abar”.

“Bilketa horrekin esaterako, eta 2026an igogailuen obrak has daitezen, ia 700 sinadura batu ditugu”.

Ildo honetan, atzo goizean prentsaurreko bat eman zuten Erguingo Jubilatuen Etxean. Besteak beste, Mikel Olabek eta Isidro Jarak parte hartu zuten.

“Nik uste – adierazi zuen Mikel Olabek – ikuspuntu sozialetik (bai irisgarritasun beharrengatik, baita mugikortasun beharrengatik ere) igogailuak garrantzitsuak direla”.

Badira beste arrazoi batzuk ere “ingurumenari lotutakoak esaterako, igogailua klima-aldaketaren aurkako neurri bat baita, kotxea gutxiago erabiltzen den neurrian. Baita kutsaduraren aurkakoa ere”.

“Ikuspegi politikotik ere garrantzitsua da, eta alderdi guztien babesa eskatu izan dugu, helburu hau lortzeko”.

Bilera horietako bat otsailaren 27an egin zuten Gorostizakoak taldeak eta Arrasateko Udalak, zinegotziak eta teknikariak barne.

“Udalak jarrera ezberdinak erakutsi izan ditu balizko igogailuen inguruan: ‘ezin da’ jarreratik, ‘ikusiko dugu’ jarrerara” eta otsailaren 27ko bilerako jarrerara:

“Udalak adierazi zigun igogailuen obrak egiteko, 2025ean baldintzen plegua, idatzizko proiektua eta lizitazioa izango direla, eta 2026an igogailua egiteko obrak hasiko direla”.

“Bilera pilo bat izan ditugu Udalarekin eta alderdi politikoekin, eta orain eboluzioa positiboa da”. Talde honek proposatzen du Gorostizan bi igogailu egitea [beheko irudian]:

“Bata, Larragain kaletik, hau da, oraingo, Bizkaiko etorbideko igogailuaren pasarela dagoen tokitik, Etxeazpia kalera eta Olaran kalera igoko litzateke”.

Eta bigarren igogailua “Olaran kalean hasita, eta ranpa batekin, Etxeostea eta Maitena kaleetara igoko litzateke”.

Bestalde, beste asmo baten arabera, “eta epe ertainera”, taldeak proposatzen du “Kalealdea izeneko kalean, hau da, Gorostizara igotzeko kale aldapatsuan ere beste igogailu bat jartzea”.

Horretarako argudiatu dute “Kalealdea Gorostizaren zati bat dela, eta hori eskatu digu Kalealdeako bizilagun pilo batek sinadura bilketa egin dugunean”.

“Hala adierazi izan digute telefonoz, baita Usaetxeko bizilagun ugarik ere. Ea posible den beste igogailu hau egitea datorren legealdian”.

Balizko igogailu bat “Ingeniarien etxean hasiko litzateke eta Erguinera igoko litzateke. Baina badira beste alternatiba batzuk, bertikalean igo ordez, diagonalean igotzen diren igogailuak”.

“Deuston eta Iruñean horrela egin dituzte – adierazi du Gorostizakoak taldeko Isidro Jarak – Hirigintzako Aitor Jauregi teknikariak azaldu zigun. Diagonalean igotzen diren igogailuak adibidez, funikularren antzera”.

Gorostizakoak taldeak 2025erako eta 2026rako aurreikuspenak atzoko prentsaurrekoan adierazi zituzten, otsailaren 27ko “bileran pribatuan esan zigutena publiko egin dadin, eta proiektuan atzerapenik egon ez dadin”.

Aurreko legealdiaren inguruan galdetuta, Gorostizakoak taldeak adierazi du “EAJ-PNVek 48.000 euro bideratu izan zituela proiektua idazteko”.

“Nik uste dut – adierazi zuen atzo Mikel Olabe eledunak – EAJ-PNVren ideia zela legealdi honetan proiektua egitea, Arrasateko Alkatetza lortu izan balute. Guri Anderrek [Garayk] hala adierazi digu”.

Gorostizakoak taldeko Galdosek prentsaurrekoan adierazi zuenez egungo Udal-Gobernuarekin “urte batean ez da igogailuen proiekturako partidarik izan. Aurten bai”.

Igogailuen kabinen ezaugarriez galdetuta, Gorostizakoak erantzun du “Ferixalekuko igogailua matxura asko izaten dituela, antza kabinen kalitatea nahiko txarra zelako”.

Azpimarratzekoa da egungo Udal-Gobernuak iragarri izan duela bai Ferixalekukoa baita Altamirakoa ere hobetzeko proiektua.

Horregatik “badirudi, Erguinen aurreko legealdian egindako igogailuetan kabinak kalitate gorenekoak direla, eta badirudi oso ondo funtzionatzen dutela”.

Prentsaurrekoan auzoko lorezaintza ere hizpide izan zuten. “Lehen kooperatiba bat zen baina kooperatiba izateari utzi zion, eta lorezaintzaren kudeaketa Udalaren esku geratu zen”.

“Une hartan landare ugari atera eta eraman ziren”, eta ordutik “ez da ia ezer egin”, tartean “landare gutxiago egoteko, zementua sartu da jardinetan”.

Gorostizakoak eskatu du “hori kontuan har dadila, herria berriro berdetzeko Udalak planteatzen duen proiektuaren harira”.

“Jakina denez jardinek ingurua edertzen dute, esaten dute bizilagunen zenbait alor psikologiko hobetzen ditu, estresa nahiz antsietatea murrizten ditu, airea garbitzen du, eta onurak ditu faunarentzat, hots, hegazti eta intsektuentzat”.

Orokorrean, Gorostizakoek adierazi dute “oraingorako eta etorkizunerako proiektuak ditugu, eta orain arte gauza dezente lortu ditugu”.

“Auzoaren egoera ezagutzen duen edonor konturatu da auzoaren egoera azken bi urteetan hobetu dela”.

Mikel Olabe eledunak ere publikoki adierazi zuen “eskertzekoa dela arreta egin diguten pertsonei, bai alderdi politikoei, bai egun Udalaren instituzioan dauden pertsonei”.

“Instituzioek auzoei arreta egiteko obligazioa daukate, eta hirietan zein herrietan gertatzen den bezala, erdialdeak auzoek baino arreta handiago jasotzen du”.

Gorostizakoak eskatzen du “instituzioek gure auzoak bizi duen egoeraz jabetu daitezela, eta aurrerantzean harreman ona izan dezagula, orain bezala”.

Azkenik, auzoko frontoia “erabilera nahikorik ez duela” adierazi dute. “Guk nahi genuke pelotazaleekin hitz egitea eta ea posible litzatekeen frontoia estaltzea”.

“Honen inguruan ez du ezer adierazi oraingoz Udalak. Frontoi hau noski zabalik legoke, auzotarrentzat ez ezik, beste herritar guztientzat ere, herriko kirolgune bezala, agian Udalak kudeatuta”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen