Gomistioko zurezko egitura Arrasatera ekartzeko proposamena [Ramón Ugalde-ren testua]

2
1951

2020. urteko uztailean eraitsi edo hobeto esanda “desmontatu” zuten Gomistio baserriko zurajea, hau da eraikinaren egurrezko egitura, Agorregira eramateko. Diputazioko aditu batzuk frogatu zuten bertako habeak XV. mendekoak zirela batetik eta bestetik sagardoa egiteko prentsa zahar baten elementu inportanteak zeudela bertan. Horrelako egiturak gordetzen dituzten baserriak ez dira asko Gipuzkoan, ale batzuk baino ez.


Gaur egun baserri moduan sailkatzen dira eraikin horiek, baina hasiera batean badirudi sagardoa egiteko erabiltzen zirela soilik, gerora berezitasun hori galdu zutenez baserri bihurtu ziren. Nekazari familia baten jarduera eta bizitza antolatzeko etxea.


Gomistioko jabeek sumatzen zuten “zerbait” izkutatzen zuela baserriak. Eta hala, Gipuzkoako Aldundiko adituek erabaki zuten baserria zegoen lekutik desagertu behar zenez “desmontaje kontrolatu bat” egitea. Horrela Gomistioko habeak kontu handiz kendu zituzten eta Agorregira eraman zituzten bertan ikertzeko.


Ez dago gaizki gure ondare arkitektonikoa zaintzeko ekimen hau.


Baina zer pasatuko da Gomistioko zurajea, bertako habeak sekula sekulorum Agorregin geratzen badira?
Nik uste dut helburu hori ( zaintzea eta ikertzea) Arrasaten bertan bete daitekeela. Nola? Galdetuko duzue? Erraza da, Gomistioko habeak Arrasatera ekarri eta herriko leku esanguratsu batean berreraikiz, hau da berriro montatuz.
Uste dut Gomistioko deseraikitzea kontu handiz egingo zutela eta egurrezko bilbe edo egituraren elementu guztiak ondo sailkatuta egongo direla. Denok dakigu egurra ez bada babesten ondatu egiten dela, eta beraz egitura horrek babes bat beharko luke euritik babesteko. Egurrezko egitura hori, nire esku balego estalki garden batekin babestuko nuke, polikarbonatozko plakekin adibidez.


Mapetatik atera ditudan halmoduzko neurriekin, Gomistioko oin planoa gutxi gora behera ia karratu bat da, 16×17 metrokoa alde bakoitzean eta bere altuera ez da 8 metrotik pasatuko.


Ez da oso egitura handia eta nire iritzian leku egokiena berriro berjartzeko edo montatzeko Seber Altube plaza izango litzateke.


Horrela bide batez Seberon egiten diren ospakizun publikoek, aldikako baserritarren azokek eta bestelakoek marko egoki bat izango lukete.


Neurriak egokiak direla uste dut, inguruko etxeetan bizi diren bezinoen bistak ez ziren apenas galduko. Polikarbonatozko estalkiak arintasun sensatzioa ematen du eta ez dut uste hirigintzaren ikuspuntutik kaltegarria izango litzatekeela inorendako.


Uste dut gainera Sebero Altube Plazak askotan izaten duen “ezleku” izaera hori gainditzen lagunduko lukeela. Bide batez hiri espazio biziagoa lortuko genuke. Esan bezala, uste dut horrela gorde daitekeela inolako arazorik gabe egurrezko egitura hau eta gainera erabilera bat ematen zaio.


Bestaldetik Ibon Telleria, EHUko irakasle batek dio XV. mendeko sagardoa egiteko eraikinek proportzio berezi bat gordetzen dutela. E. Möses arkitekto aleman baten teoria aplikatu du Gipuzkoako baserri batzuen egiturak aztertzeko eta ondorioztatu du “Urrezko zenbakia” betetzen dutela. Hori ikusi du Ezkioko Zelaa baserrian eta Lazkaoko Maizgoenean. Urrezko zenbakia edo urrezko araua da arkitekturan eraikin armonikoak lortzeko eraikin bateko elemntuen neurriek gordetzen duten proportzio bat.


Urrezko araua grekoek euren tenpluak eraikitzeko erabili zuten. Erdi Aroan katedral gotikoak ere proportzio honekin jaso ziren.


Gehitzen du baserri hauen trazatuak Ertaroko eliza eta Grezia klasikoko tenpluen nahasketa bat modukoa dela. Bai oinplanoan eta bai egurrezko habeek osatzen duten egituran ikusten omen da urrezko zenbakia. Guzti honen ondorioa da horrela egindako eraikin batek itsura armonikoa duela eta ikuslearengan sensatzio atsegina sortarazten duela.
Ibon Telleriak, nik ematen ditudan baino azalpen konplexuagoak ematen ditu: frogatzen du eraikin hauen diseinuan kalkulo geometriko zehatzak egiten zituztela.


Eta Gomistioko egiturak beteko lituzke armoniaren erregela hauek? Galdera hori erantzuteko konponbide errazena Gomestiok egitura berriro jasotzea izango litzateke. Arkitekturaren aldetik ikerkuntzak aurrera egiteko baldintza onena izango litzateke.
Telleriak dio, horrelako baserriek, leku garaietan egoten direla kokatuta, lautadatxo edo ordeka txiki batean, leku estrategikoetan, ikusmira zabal batekin. Espazio handia kontrolatzeko moduko kokapena izaten dutela. Gomistiok baldintza hori ere betetzen du, betetzen zuen hobeto esanda.


Gomistio izenarekin arazotxo bat dago: orain denbora bat Gomestio esaten zuten baina XV. Mendean Gomestiano moduan ezagutzen zen. Arrasateko leku izen dezentetan azaltzen zaigu – DIANO edo TIANO bukaera edo “buztana”. Ikutixo, Ekutiano zen eta Olandixo Olandiano paper zaharretan. Euskal erroak aztertzen dituen Javien Goitiak proposatzen du DIANO/TIANO erroak ordeka edo lautadatxoa esan gura duela. Eta Arrasateko kasuetan horrela da, lautadatxoak daude hiru leku horietan.
Sebero plazan berreraiktzean beste abantaila bat izango luke, nire iritziz: Gomistioko sarrerak Ekialdera begiratzen zuen, eta Sebero ere Ekialdera begira dago, Beraz Gomistio bertan berrezarri ezkero jatorrizko orientazioa errespeta zitekeen, eta etorkizuneko ikerketak zehaztasun gehiagorekin egiteko aukera emango luke.


Horra hor nire proposamena. Aurrera eramatea, egikaritzea ez dago nire esku. Zer iruditzen zaizue? Mereziko luke?

2 IRUZKIN

  1. Proposamen interesgarria iruditzen zait, baina arazotxo bat bururatzen zait…zenbat iraungo luke egitura eta estalki horrek zutik hor? Arlote eta mozkortiek aurki su emango liokete egitura horri, nire aburuz…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen