Gomestio Erdi Aroko baserri sagardogilea zela deskubritu dute

0
1653

Obrak martxan daude egurrezko egitura azaleratuz, etxeko jabetzak hala onartuta eta lagunduta. Mertxe Urteaga arkeologoak azaldu du lan hauek “berritzaileak direla”, izan ere, eraikina eraisten ari diren arren, aldi berean berau industen dihardute.

Beheko argazkia: MB / Obretako beste argazkiak: Alfonso Donnay / Zuri-beltzezko argazkia: Indalecio Ojanguren.

Gomestio baserria Erguin eta Garaia Parke Teknologikoaren artean dago. Tamaina handikoa da, eta bere barruan 12 etxebizitza ezberdin inguru izan zituen.

Ezkerretik hasita: Mertxe Urteaga, Ibon Telleria, Maite Leturia eta Ainara Iroz adituak.

XX. mendeko migrazioaren garaian Arrasatera iritsitako pertsona etorkin ugari hartu zituen bere baitan.

Udalak ordenazioz kanpo utzi du, eta ondorioz eraikina eraisteko arriskua zegoen. Etxeko jabeen ordezkaritza Aldundiarekin harremanetan jarri zen, eraikinak izan zezakeen balioa iker zezan.

Horretarako, besteak beste, Arkeolan fundazioko Josue Susperregi dendrokronologoak bertako egurren adina datatu du.

Aldundiko Ondare Sailak bat egin zuen, eta azterketa orokor bat egin zuten. Lehen azterketa horiek jakitera eman dutenez, 1450. urte ingurukoa da, Erdi Arokoa alegia.

Hori jakinik, erabaki zuten eraikina goitik behera ez botatzea, eta beste metodo bat baliatu dute: eraikina piezaz pieza askatzea eta hori egin ahala, piezak aztertzea. Etxearen jabetzak, eraikinaren balio historikoaz ohartuta, onartu egin zuen eraistea horrela egitea, nahiz eta jakin horrek prozesua zailduko zuela.

Azpimarratzekoa da ere etxearen jabetza proiektu honetan parte hartzen dabilela. Obrak maiatzaren 29an hasi zituzten, eta eraikinari pisua kentzen aritu dira.

Maite Leturiak eta Ibon Telleria adituek, besteak beste, proiektuan dihardute, eta obren inguruko hainbat xehetasun eman dituzte jakitera:

“Teilatua, tabikeak eta oro har egurra tapatzen zuten elementu guztiak kentzen ari da proiektua. Izan ere, zurak dira ziur-ziurrenik balio historiko handiena dutenak”.

Obrek azken asteetan aurrera egin dute, eta lehen solairura iritsi dira. Horrela, “egituraren ia zuraje osoa azaleratu da”. Mertxe Urteaga arkeologoak gehitu du metodo hau “erabat berria dela, eta eraisketa indusketa arkeologiko bat dela”.

Aurreikuspenen arabera, obrak uztailaren amaieran bukatuko dira, eta horrela “zurezko egitura osoa bistan geratuko da, baita kanpoko perimetroko harri-horma ere, egiturari eutsi diezaion”.

Horrela, “ikusi ahal izango da nolakoa zen jatorrizko eraikina, baita tolare baserri bat zela ere, hau da, bertan sagardoa egiten zuela. Horretarako erabiltzen zuen gailua baserriaren egituran bertan zegoen”.

“Prensaren besoa ez da agertu, eta baserri bakar batean agertu izan da holako bat, Santanak Ibaetan egindako azterketa batean. Hala ere, tolare baserriari dagozkion elementu ugari eduki badauzka Gomestiok”.

Adibidez “palanka jasotzen zuen egitura bikoitza oso nabaria da hemen, eta zalantza barik tolare baserri bat izan zen”. Beraz, bertan “sagarrak prensatzen ziren, eta zukua bertatik ateratzen zen”.

Gaur egun baserriek adreilua, harriak,… dituzte egituran baina Gomestio “jatorrian zurezkoa zen osorik, agian teilatua izan ezik, telak izango zituelako”. Baieztapen hori ondorioztatzeko zutabeak aztertu egin dituzte: “Zutabeek zeharkako piezak jasotzeko zuloak eta markak dituzte”.

Oro har, Gomestiok eta lehenbiziko beste baserriek “eredu berbera jarraitzen zuten, tokian tokiko berezitasunak berezitasun”. Mertxe Urteagak gehitu du garai haietako baserriak zurezkoak zirela, “baita etxe haien kanpoko itxiturak ere”.

Indalecio Ojangurenek 1943an Gomestion egindako argazkia.

Aldundiko arkeologoak azaldu du “lantaldean ondare historiko-artistiko zerbitzuaren teknikari guztiek dihardutela, bakoitzak bere esparruan eta bere neurrian”.

Halaber, Maite Leturiak azpimarratu du herrietan “ondare eraikia egon badagoela, baina ez da balioan jartzen”. Gomestioko kasuan, baina, jabetzaren familiari esker eta Aldundiari esker, egitasmoa martxan dago.

Ordea, “honen antzeko baserri bat bota egin dute Abiadura Handiko Trenaren obrek oraintsu Bizkaian. Ikasteko eta datuak lortzeko prozesua galarazi dute”.

Aldiz, “ikerketari esker gure jatorrizko arkitektura uler dezakegu, baina hori egin ezean, iruditeria hori desmuntatzen da, baliotsua den arren”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen