Abesbatzak konfinamenduan “ekimen batzuk martxan izan ditu”. Orain entseguak leku zabal batean egin behar ditu, eta San Frantzisko elizan dihardu. Goikobaluren helburuetako bat da “Hamabostaldiko kontzertua azarorako berreskuratzea”.
Argazkiak: Goikobalu.
“Konfinamenduan ekimen batzuk izan ditugu – azaldu du Maider Ruiz, Goikobaluko lehendakariak – eta adibidez bakoitzak bere ahotsa grabatu du, ondoren ahotsak programa batean sartzeko”.
Abesbatzen Federazioaren ekimen batean ere parte hartu du Arrasateko abesbatzak “baina bakarka kantatzeko ekimena da, eta kontuan hartzekoa da abesbatza bat funtsean elkarrekin kantatzeko talde bat dela”.
Ez da harritzekoa, beraz, konfinamenduan zehar “oso zaila izatea abesbatza batek behar duen dinamika aurrera eraman ahal izatea”.
Egungo fasean, konfinamendua arintzeko garai hauetan, Euskadiko Abesbatzen Federazioak eta Osalanek protokolo bat sortu dute. Ondoren, txosten hori Gipuzkoako Federazioak Goikobaluri bidali dio.
“Protokoloak azaltzen du non eta nola kokatu behar garen – azaldu du Maider Ruizek – gutxieneko segurtasun-neurriak betetzeko. Horrela, pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu behar dugu”.
Abesbatzak lagun ugari dituenez, “entseatzeko lokal oso handi bat behar dugu, eta kontuan hartu behar da ere gure orain arteko egoitza obretan dagoela”.

Entseguak egiteko, frantziskotarrei baimena eskatu zieten, eta “San Frantzisko eliza erabiltzea utzi digute”. Horrela, bertan abesbatzako lagun batzuek aste honetan “48 pertsonendako markak jarri ditugu”.
“Eliza ekaina edo uztaila bitartean erabili ahalko dugu, eta abuztuko oporren ostean, ikusteke dago irailean non entseatuko dugun”.
Agendari dagokionez, “momentuz ez dugu kontzerturik, mezarik,… Hamabostaldiko ohiko kontzertua azarorako berreskuratu nahi dugu, baina zalantzak ditugu, zeren eta adibidez zenbat ikus-entzulek jarraitu ahalko lukete balizko kontzertu hori?”.
Bide horretan “hilabete hauetan saiatuko gara prestaketa lanak ahalik eta ondoen egiten. Ez dugu geratu nahi”.
Abeslarien arteko bi metroko distantziak “eragina dauka abesbatzak helarazten duen soinuan, baina behintzat ez gaituzte maskararekin abestera behartzen”. Animo Goikobalu! Aurrera!