Goiko obalu [Testua: Ramon Ugalde]

1
633

Leku izen edo toponimo arraroa Mondragoen daukaguna. Txipi Ormaetxeak bere Arrasateko Toponimia liburuan, bi modutara jasotzen du leku izen hau Goiko Obalu eta Goikobalu. Data bat ere eskaintzen digu, 1970.  Badirudi berari ere arraro samarra egiten zitzaiola izen hau eta ohartxo bat gehitu zuen azalpen moduan:

Goiko argazkia: Santa Barbara gaineko zirkulua. Hor garai batean zezenketak egiten ei ziren.

Zezenketekin egon daiteke lotuta goiko obalu hori? Agian. Izan ere obaloa da zezen plazari deitzeko modu metaforikoa. Normalean zezenketak zirkulu batean egiten dira, baina batzuetan obalo moduan deskribatzen dira. Orduan zer? “Goiko obalu” izan daiteke euskara eta gaztelera ikasiaren nahasketatik sortutako toponimoa? Ohikoa ez da baina litekeena da.

Beste pista bat Teruelen egon daiteke. Teruelen ere badaukate “Elóvalo de arriba” eta. Berez ez da obalu bat. Baina hala deitzen diote tren geltokiaren gaineko lautadari.

Hortik etor daiteke? Santa Barbarakoari deitzeko modu hori?. Agian Espainiako Gerra zibilean Teruel inguruko borroketan ibilitako mondragoetarrek ekarrita? Edo joan zen mendeko 70 hamarkadan Benidormeko bidean Teruelen geldialditxo bat  egiten zutenek ekarria?

Bestaldetik Arrasateko udaleko web orrian esaten digute toponimo hau XX. Mendearen hasieran agertu zela.

Txipi Ormaetxeak bere lekukotasunak 1991an jaso zituen. Bere informatzaileak Jose Azkarate Isasmendi(1910), Ildefonso Urra Arenaza (1920) eta Agustin Azkoaga Aldanondo (1913) izan ziren. Hiru hauek Goikobalu eta Bekobalu izenak eman zituzten. Juan LeibarGuridik ordea Goiko Obalu eta Beko Obalu. Denak ere ingurua ondo ezagutzen zutenak. Zergatik balu edo obalu? Balu euskaraz ez da ezer eta nik uste dut LeibarrekObalu lehenetsiko zuela zentzu apur bat ematearren toponimoari.

Baina beste testigantza interesgarri bat daukagu, Jose Mari Urangarena:

Bere planoak moldatzeko Eugenio Ochoa de Anguiozar topografo bergararraren planoan oinarritu zen. Baina harrigarriena egin zaidana izan da Bekobalu barik, Plazoleta de Beko Laua jarri duela. Eta hortxe dago gakoa. Nire iritzian berez, jatorrizko toponimoa LAU da eta ez BALU. Eta Goikobalu barik Santa Barbarako goiko laua eta beheko laua behar lukete.

Txipiren liburuan ere beste Beheko Laua jasotzen da, Meatzerrekan kokatuta. Juan Carlos Guerraren artxiboan jasota BEGOLAHUA,( 1868) moduan. Zergatik H hori? Toponimoa jaso zuenaren akatsa? Ez dut uste Ha ahoskatuko zutenik. Agian B bat izan zitekeen. Badago euskaraz bokalen artean B sartzeko ohitura: mundua- munduba, tratua- tratuba, zenduan- zenduban….. Hortik etor daiteke? *labuaren metatesia batetik? Metatesia da berba batean bokalak edo kontsonantean lekuz aldatzen direnean:ikutu / ukitu. Gabriel/ Garbiel.  LabutikBalura pasatu zen? Nik uste dut baietz.

Beste teoria batek esaten ei du Balu dela Baluarteren laburdura bat edo. Ez dakit onargarria den.

Eta froga gehiago? Nola deitzen diote bedoñarrek ( eta beedoñarrak ez direnak ere bai) Kurtzetxikiko goiko lautadari ba? Kurtzekiko goiko laua. Pilotok ere horrela deitzen zion eta horrela geratu da jasota Malbe liburuan.

Goikolau leku izen moduan nahiko zabalduta dago gure inguruan, Bergaran ere badago, Goikolau koba Bizkaian …

Dena dela ezin da ukatu Goikobalu berba horrek arrakastarik ez duela eduki: Abesbatza baten izena da, eta Goikobalukoerromerixie ere antolatzen dute, Arrasateko edo Santa Barbarako  gaztelua ere aspaldi honetan Goikobalukoa ei da.

Baina zergatik ez dugu bedoñarrengandik ikasten eta Goiko laua eta Beheko laua erabiltzen hasi?.

Kurtzetxikiko goiko lauan. Argi jak!

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen